Umore Azoka sariak banatu dira gaur Mendibile Jauregian

Gaur, 14:30ean, Mendibile Jauregiak azokako une berezietako bat jaso du, parte hartuko duten konpainia guztien Harrera Ekitaldi Ofiziala, hain zuzen ere. Horrez gain, ekitaldi horretan, Umore Azokaren aurreko edizioko sariak eta Umore Azoka 2018 Sari Berezia banatu dira.

Aurreko edizioaren amaieran iragarri zen bezala, 2017ko sarien irabazleak hauek izan ziren: Ertza euskal konpainia, Euskadiko kaleko Ikuskizun Onenaren Saria “Meeting Point” lanarengatik; Maduixa valentziarrak, Kaleko Ikuskizun Onenaren Saria “Mulier” ikuskizunarengatik; eta Suitzako Ici’Bas konpainia, Ikuskizun edo Artista Hasiberriaren Ikuskizun Onenaren Saria “L’envers” lanarengatik. Umore Azoka 2018 Sari Bereziaren irabazlea ekitaldian bertan iragarri da. Saria Zanguango antzerki konpainiari eman zaio.

Jarduera profesionalei dagokienez, gaur lehenengo “Umore Meeting” saioak gauzatu dira, “Mercartes” aurkeztu da eta Hezi eta bizi kalean gogoeta jardunaldien ondorioen aurkezpen ekitaldia egingo da, Artekale espazioaren barruan.

Gaur 7 estreinaldi eta 38 emanaldi izango dituen lehenengo jardunaldi osoan

Umore Azoka, Kaleko Arteen Azoka, gaur bere lehenengo jardunaldi osoa ospatzen ari da. Eguerdian hasi eta ez da gauerdia igaro arte amaituko. 30 ikuskizun eskainiko dira, 38 emanalditan. Horietatik 8 estreinaldiak izango dira (erabateko 5 estreinaldi, kaleko estreinaldi bi eta Estatu mailako estreinaldi bat). Umore Azokan ohikoa denez, ostirala da aurreikusitako jarduera gehien dituen eguna, eta baita jende gehien jasotzen dituena ere, asteburuaren aurrekari gisa.

Erabateko estreinaldien artean, teknologia, gastronomia eta natura batzen dituen Markeliñeren “Chef Natura”, eta bizileku berria sortzen ahalegintzen den pertsonaia bitxia erakusten duen Aimar & Cía taldearen “Etxea/Casa/Home” clown eta masta txinatar ikuskizuna daude. Orain arte ikusi gabeak dira, baita ere, ukitu soziala duen Barsanti konpainiaren “Desahucio”; Node Akzionaren “Tria” performancea –giza jokabideari buruzko fabula, dantza forman–; eta Valentziako Lucas Escobedo konpainiaren “Los Mañas” ikuskizun ibiltaria, zentzurik gabeko egoerak aurkeztuko dituena “manitas” bikote baten eskutik.

Kaleko estreinaldien artean Lasala dantza konpainiaren bi ikuskizun aipatu behar dira, Onditzeko gune berrian bata bestearen ondoren eskainiko diren “Female” eta “I U”. Estatu mailan, Leioak Txileko Murmuyo konpainiaren “¡Fuera!” antzezlanaren estreinaldia jasoko du. Bertan, clown tekniken bitartez, gaur egungo gaiak proposatuko dira.

Ostiral honetako Jardunaldia, bestalde, lehen aldiz ikusi ahal izango diren beste 8 ikuskizunekin osatuko da. Extremadurako Chey Jurado artistaren “Agua” dantza ikuskizuna, Hermanas Gestring andaluziarren “Good Girl” koreografia garaikidea, Krego-Martín Danza konpainiaren “Moliendo café” umore eta dantza emanaldia, eta Kolektibo Baakai Katiuskak eskainiko duen Kataluniako bastons-en eta txalapartaren “egurRa” nahasketa ikusgarria izango dira.

Halaber, “Rodó” obra txalotua eskainiko duen Chapertons Còmic Teatre taldearen umore “pneumatikoaz”, Vincent de Rooij clown nederlandarrak “Boat” ikuskizunean Pinosolo parkean kokatutako itsasontzi-hegazkinez egingo duen bidaia ezinezkoaz, Potato Omelette Band madrildarren “Music Island” umorezko musika ikuskizunaz, eta Kataluniako Amer i Africa Circ Cía zirku konpainiaren “Envà” lanaz ere gozatu ahal izango dugu

Kaleko programazioari dagokionez gaur egunik potoloena izatea espero da. Programazioa kontsultatzeko hemen klikatu behar da.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude