EHUren ustez Kataluniako egoera politikoak ez du irtenbiderik izango epai judizialen eta expetxeratzeen bidez

Euskal Herriko Unibertsitatearen gobernu taldeak, zabaldutako prentsa ohar batetan adierazi dutenez “kezka handiz begiratzen die Kataluniako gatazka politikoarekin lotuta irailetik hona izaten ari diren gertakariei”.

Bere adierazpenean diotenez, “oso-osoan sinesten dugu Kataluniako egoera politikoak eta han bizi den gatazkak ez duela irtenbiderik ez konponbiderik izango ez epai judizialen bidez, ezta espetxeratzeen bidez ere, baizik eta elkarrizketaren, politikaren eta negoziazioaren bidez”.

Gogoratzen dutenez, “aurretik ere bi alditan Kataluniako unibertsitate publikoek egindako adierazpenei atxikiz” finkatu dute Euskal Autonomia Elkarteko unibertstitate publikoaren jarrerak. Azkena, aurreko urriaren 3an egin zuten publiko, bat eginez aurreko egunean hango unibertsitate publikoek kaleratutako agiriarekin. Orduko hartan, “atxiloketen aurrean eta, unibertsitateen eta ikerketa zentroen kontu-bankuen esku hartzearen aurrean, demokrazian elkar ulertzeko bide bakarra elkarrizketa dela aldarrikatu zuten ” eta “Estatu espainoleko Gobernuak abian jarritako errepresio-neurrien arabitrarietatea” salatu zuten.

Kataluniako erreferendum egunean “bereizkuntzarik gabeko eta indarkeriazko jardunbideen aurrean, argi eta garbi adierazi nahi dugu, demokrazia bakarrik hautestontzietan eraiki daitekeela” esan zuten hango unibertsitate publikoetako arduradunek.

Bestalde, komunitate unibertsitarioari “lasai hartzeko deia” egiten zioten, eta Kataluniako prozesu politikoaren aurrean “aukera eta iritzi politiko guztiekin errespetu osoz eta modu baketsuan jarduteko ere” eskatzen zioten. Era berean, beraien konpromisoa berritzen zuten “elkarrizketa eta negoziaketaren defentsan, norbanakoen eta kolektiboen eskubideen defentsan eta, azken finean, demokraziaren defentsan”.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude