Urbietaren ustez XX. Umore Azokak “arrakastaz gainditu zuen eguraldi txarra”

Umore Azokak, Udalak antolatutako kaleko arteen azokak, “arrakastaz gainditu du lau azoka egunak ia osorik hartu dituen eguraldi txarrak eragindako erronka. Euriaren eta haizearen ondorioz aldatu egin behar izan dira aurreikusitako hiri agertokiak, eta horien ordez estalitako leku alternatiboetan eskaini dira ikuskizunak”, tokiko instituzioak ohar batetan adierazitakoaren arabera.

“Ez dugu zorterik izan eguraldiarekin, baina Leioa kaleko arteen hiria da, eta horrelako gertakariei arazo larregi barik aurre egiteko prest gaude”, adierazi du Mari Carmen Urbieta herriko alkateak. “Garrantzitsuena, Umore Azokaren 20. edizioa ospatzeko gai izan garela da eta egitarau ofizialeko 46 konpainiek euren ikuskizunak gutxienez saio batean aurkezteko gai izan direla” esan du herriko alkateak.

Azokan zehar behin baino gehiagotan eskaini behar izan ziren ikuskizunen saio batzuk bertan behera utzi behar izan diren arren, guztira 98 emanaldi eskaini dira, udalak dioenez. Horrela, bertan behera geratu den ikuskizun azpimarragarri bakarra “Tokiko Eszena” ekimeneko bat izan zen, “ezinezkoa izan baitzen Fidias Fundazioaren ikuskizunari programazioaren barruan beste leku bat aurkitzea”.

Urbietak “horrelako ekitaldi bat kudeatzeak duen zailtasuna azpimarratu du”, eta bere esker ona erakutsi gura izan die ekimen hau posible egin duen lan-taldeari eta bertan parte hartu duten konpainiei. Bide batez eskerrak eman dizkie  “Umore Azokaz gozatzera gerturatu diren pertsona guztiak, haien pazientzia eta partaidetzagatik”.

Azokak topagune eta azoka profesional gisa betetzen duen egitekoaren barruan, Urbietak azpimarratu duenez, Leioan ia 200 programatzaile eta ikuskizunen kontratazio arduradun elkartu dira. Horrek argi uzten du Umore Azokak kaleko artisten jarduera profesionalaren motor eta dinamizatzaile gisa duen garrantzia.

Azkenik, alkateak iragarri duenez, Udala, Kultura Sailaren bidez, Umore Azokaren XXI. edizioaren antolakuntzan ari da jadanik lanean, “eguraldia aurtengoa baino hobea izango den konfiantzarekin”.

EH Bildu: Prebisio falta egotzi die udal agintariei

EH Bildu Leioak ohar laburra argitaratu zuen bere Facebook orrian astelehenean eta bertan “aurten arazo nabari bat izan du Umore Azokak, eguraldia…. Badakigu eguraldia ez dagoela Udalaren esku, baina arazo hau aurreikusi eta honi irtenbideak bilatzea bai!” adierazi du.

Ezkerreko subiranisten arabera, “proposamen zehatzak egin ditugu horren aurrean, eta egiten jarraituko ditugu: Udalak karpa desberdinak erosi edo alokatzea, euria egitekotan (aurten gertatu bezala) bertan ikuskizunak burutu eta herritarrek beraietaz gozatzeko”.  EH Bilduk “proposamen hau hurrengo edizioetarako kontuan izatea” espero du, ezen, diotenez, “Euskal Herrian euria egitea ez da hain arraroa”.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude