Urrezko hiru puntu SD Leioarentzat Bilbao Athleticen aurka

SD Leioak Logroñon lortutako puntua baliagarri egin du Sarrienan Bilbao Athletici 1-0 irabazi ondoren. Óscar Garcíak egin du partiduaren gol bakarra, buruz, Gotiren erdiraketa bati esker, berriz ere.

Jon Ander Lambeak hainbat aldaketa egin ditu hasierako hamaikakoan eta baita sisteman ere, hiru zentraleko planteamendua erabili baitu. Alain eta Iri hamaikakoan sartu dira Óscar Pérez eta Yosu Camporroren ordez.

Lehen minutuetan Bilbao Athletic izan da baloiaren jabe eta bi gol aukera eduki ditu Benito eta Guruzetaren oinetan, baina 17. minutuan Yurrebasok eduki du lehen aukera Leioarentzat. Hortik aurrera, bere egin dute baloi jabetza leioaztarrek eta 31. minutuan saria jaso dute. Gotiren erdiraketa eskuin hegaletik eta Óscar Garcíaren burukada sarera. Granadarrak SD Leioaren 150. gola lortu du 2.B mailan. Lehen zatiko gainontzeko minutuetan SD Leioa izan da baloiaren jabe eta ez da gol aukera argirik egon.

Bigarren zatian Óscar Gil atzelari zuri-gorriak bere bigarren txartel horia ikusi du Óscar García zango-trabatu ondoren, baina hala ere, Garitanoren mutilek aurrerapauso bat eman dute eta partida berdintzeko aukerak izan dituzte. Zuri-gorriek aurrelariak pilatu dituzte zelaian eta SD Leioak bigarren gola bilatzen zuen kontren bitartez. Horietan, Gotik izan du aukera paregabea baina ez du asmatu. Guruzetak izan du azken aukera partida berdintzeko minutu gutxiren faltan, baina buelta-erdiko jaurtiketa kanpora bidali du.

Horrela, 12 puntu ditu SD Leioak eta arnasa hartu du play-out postuetatik alde egiteko. Dena den, jardunaldiko gainontzeko emaitzen zai egon behar dira sailkapeneko postua jakiteko. Nabarmendu behar dira Óscar García eta Gotiren paperak: lehenak hiru jardunaldi daramatza gola sartzen, eta bigarrenak taldearen azken hiru asistentziak eman ditu, 2 Garcíari.

Hurrengo jardunaldian Zubietara bidaiatuko dute leioaztarrek Real Sociedad B-ren kontra jokatzeko, asteartean, hilak 31, 20:15etatik aurrera. Igandean, azaroak 5, CD Vitoria etorriko da Sarrienara 18:00etan.


LABURREAN

Hasierako hamaikakoak

S.D. Leioa: Iturrioz; Goti (Jorge), Luca Ferrone, Córdoba (c), Alain, Magdaleno; Undabarrena, Iri; Nico Baleani (Morci); Óscar García y Yurrebaso (Lean).

Bilbao Athletic: Unai Simón, Sillero, Andoni López, Óscar Gil, Unai Bilbao (c), Tarsi, Muñoz (Areso), Víctor San Bartolomé (Dopi), Asier Benito, Nolaskoain (Iñigo Vicente) y Guruzeta.

Txartelak 

Gorriak: Óscar Gil

Horiak: Baleani, Egoitz, Córdoba, Yurrebaso, Luca Ferrone, Óscar García eta Nolaskoain.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude