Xabier Rey euskal presoaren heriotza salatzeko 40 pertsonaren enkartelada

Berrogei leioaztar batu dira gaur gaueko 20:00etan Iparragirre Etorbideko Bulebarrean Puertoko kartzelan hildako Xabier Rey euskal preso iruindarraren heriotza salatzeko. “Espetxe politika hiltzailea! Agur eta ohore Antxo” zihoen pankartaren inguruan batu dira ordu erdiz iraun duen enkarteladan.

Iruineko Xabier Rey Urmeneta atzo arratsaldean agertu zen hilik bere ziegan. Sortuk salatu duenez, “Antxoren heriotza ez da naturala izan”. Gogoratu dutenez, atxilotu zutenean “gogor torturatu zuten. Urrundua zuten, etxetik 1.000 kilometrotara. Isolamenduan zurten, lehen graduan, 22 orduz ziegan. Bere tortura hamar urtez luzatu dute”. Sorturen aburuz, heriotza honek “izen-abizenak dauzka: salbuespeneko espetxe politika eta Alderdi Popularra. Xabier ez da hil. Xabier hil egin dute”.

Ezker abertzalearen antolakundeak zabaldu duenez “heriotza hau saihestu zitekeen. Torturapean lortutako autoinkulpazioen ondorioz zigortu zuten Rey. Beraz, ez zuen kartzelan egon behar”. Horrexegatik, “torturapean lortutako autoinkulpazioetan oinarritutako sententzia guztiak errebisatzea (eta) politika penitentziarioaren amaiera” exijitu dute. Horrezaz gainera, “bide-orria bat adostea, lehenbaitlehen bukatzeko urrunketarekin eta lehen graduarekin”. Sortuk dioenez “salbuespeneko legedia honek amiatu behar du (…) zeren eta ez dago normalizazio politikorik, ez dago soluzio justu eta iraunkorrik ehunka preso dauden artean”.

Ezker abertzalearen antolakundeak “hemen biolentzia asko egon direla, biktima asko” daudela dio, “baina Estatuaren biolentziak jarraitzen du. Antxo Estatuaren biolentziaren biktima horietako bat dugu. Ez dugu biktima bakar bat gehiago ere nahi. jakin badakigu saiatzen ari direla errelato bat inposatzen, garaileena eta garaituena, justuena eta injustuena, onena eta txarrena”. Baina, diotenez “oinarri horien gainean ez dago soluzio justu eta iraunkor bat eraikitzerik”. Horrexegatik, “eragile guztiei arduraz joka dezaten, ez dezatela biktimen eta elkarbizitzaren esparrua erabili konfrontazio politikorako” aldarrikatu du.

Presoaren azken agurra

Ezker abertzaleak “Alderdi Popularrari eskatzen diogu errespeta ditzala gutxienez hildakoak eta utz diezagutela bakean eta duintasunez agurtzen”.

Azaldu dutenez, bihar goizean bertan presoaren hilotza Iruineko Donibane auzoko tanatorioan egongo da nahi dutenek agurra eman diezaioten. Ostiralean azken agurra egingo diote Iruñeko hilerrian eta mobilizazioak ere burutuko dira hainbat herritan.  Larunbatean manifestazio eta ekitaldi nazionala antolatu ditu, arratsaldeko 17:00etatik aurrera Iruñean. Horretara joateko autobusa antolatu du Sortuk. Plentziatik irtengo da 14:45ean, Sopelatik 14:55ean, Algortatik 15:00etan, Erromotik 15:05ean, Leioatik 15:10ean eta Erandiotik 15:15ean. Izena emateko ohiko leku eta bideak erabilita izen eman daiteke. Leioan Kurkudi Herriko Tabernan izen eman daiteke, ostiral arratsaldeko 19:00etara arte.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude