Xabier Sáinz de la Maza, abokatua: “Herri honen geroa herritar guztien artean erabaki behar dugu”

Xabier Sáinz de la Maza Bilbao, 30 urteko leioaztarra, lanbidez abokatua da, Gure Esku Dago Leioako kidea eta Erabakizaleak, erabakitzearen aldeko legelarien taldeko kidea era bada.

Catalunyaz eta azaroaren 5ean Leioan antolatu duten herri galdeketaz hitz egiteko batu gara leioaztar gazte honekin. Hona hemen galde-erantzun sorta.

leihoa.info: Duela gutxi azaldu zineten Bilbon egindako agerraldi batetan Catalunyaren erreferendumaren aldeko agiri batekin. Azaldu egiguzu labur zertan zen aurkeztutako agiria.
Xabier Sáinz de la Maza: Alde batetik, Catalunyan ematen ari den zenbait eskubideren urraketa, besteak beste adierazpen edo prentsa askatasunen urraketa salatzen genuen. Beste aldetik, adierazi nahi genuen Catalunyako Parlament-ak onartutako legeak erreferenduma berme demokratiko guztiekin egitea ahalbidetzen zuela. Eta azkenean ez bada egin berme guztiekin izan dela Estatuak horren kontra egin duelako eta galarazi nahi izan duelako erreferenduma behar bezala burutzea.

leihoa.info: Espainiako Gobernuaren presidenteorde den Soraya Sáenz de Santamaríak, aitzitik, Catalunyan hartutako erabakiak demokraziaren kontrako kolpea izan direla adierazi du maiz.
X. SM.: Bai, hala esan du maiz. Hala ere, gure iritzia da demokrazia ulertu behar dela era zabalean, eta ez soilik espainiar legearen barruko terminoetan. Argi dago Catalunyako biztanleriaren gehiengo zabal batek bozkatu nahi duela eta ulertu ezin dena da hori demokraziaren izenean galaraztea. Demokrazia ez da definizio legal hutsa, demokrazia kontzeptu politikoa da, eta horretan sakondu behar da; beraz, gizarteak egiten duen eskaera kontuan hartu beharrekoa iruditzen zaigu.

leihoa.info: Azken egun eta asteetan pentsaezinak iruditzen zitzaizkion gertaerak (debekuak komunikabideei, propaganda eta boto-paperen bahiketa, miaketak enpresetan eta are, Generalitatearen bulegoetan, Gobern-aren arduradunen atxiloketak…) ikusi ditu jendeak. Zu duela gutxi bertan egon zara. Nola ikusi duzu hango egoera?
X. SM.: Argi dago Estatu espainiarrak bere eskuetan zegoen guztia egin duela erreferenduma berme guztiekin egin ez zedin eta zapuzteko. Oso larria izan da gertatu dena, oinarrizko hainbat eskubide urratu baitira. Catalunyako Parlamentuan eztabaidatzea ere debekatu dute. Zer gertatuko den orain aurreikustea zaila da, baina argi dago debekuak debeku eta estatuaren mehatxu eta indarkeriaren erabilpen ororen gain, herritarren borondate eta beren eskubide demokratikoen aldeko jarrera eta irmotasuna hortxe daudela.

leihoa.info: Catalunyako egoera larria albo batera utzita, etor gaitezen orain Leioara. Azaroaren 5erako egin du Gure Esku Dago ekimenak gure herriko herri galdeketaren deialdia. Konta iezaizkiguzu horren aurrekariak.
X. SM.: Gure Esku Dago duela 4-5 urte sortu zen erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida mahai gainean jartzeko. Hainbat aurkezpen, hitzaldi eta ekimen burutu ditu eta orain, eskubide hori praktikara eraman nahi dugu, mobilizazio arruntetara eta ohiko aldarrikapenetara mugatu gabe. Horretarako administraziotik at antolatutako herri galdeketa burutuko dugu, loteslea ez dena, hala da, baina beharrezkoa iruditzen zaiguna, besteak beste, eztabaida herriko jendartera eramateko, herritarrak erakartzeko erabakitzearen aldeko aldarrikapenera eta sareak sortzeko erabakitzearen aldeko leioaztar ezberdinen artean.

leihoa.info: Esan daiteke, beraz, ariketa praktikoa burutu nahi duzuela azaroaren 5eko herri galdeketaren bitartez?
X. SM.: Bai, argi eta garbi. Uste dugu oso ekimen polita dela ikustarazteko erabakitze eskubidearen inguruko eztabaida, galdeketa ez baita bakarrik bozkatzea eta emaitza batzuk lortzea, baizik eta aldez aurretik ematen den eztabaida guztia, galdera adosteko prozesua… Guk horri guzti horri ematen diogu garrantzia gehien, ez soilik parte hartzeari edo emaitzari, baizik eta aldez aurretik ematen den prozesu guztiari. Eta orain arte oso interesgarria izaten ari da.

leihoa.info: Zentzu horretan, irailean tailer parte hartzailea burutu zenuten azaroaren 5ean herritarrek erantzun beharko duten galdera erabakitzeko. Zer moduzko esperientzia izan zen?
X. SM.: Oso goiz polita izan zen, jende anitza batu ginelako eta bost ordu eman genuelako galdera adosteko. Jende berriak elkar ezagutzeko balio izan zuen, irizpideak adosteko, eta oso ariketa ona behar bada galdera ez zelako izan bakoitzak nahi zuena, baizik eta erdiko puntu bateko galdera, non guztiok ez geunden guztiz konforme, baina hala ere pozik denok artean adostua izan zelako. Azkenenean, honakoa izango da herritarrek erantzun beharko duten galdera: “Nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko kidea?”

leihoa.info: Zer nolako ekimenak bultzatuko dituzue hurrengo egun eta asteetan herri galdeketaren galdera ezagutarazteko herritarren artean?
X. SM.: Kanpaina publikoa hasita dago honez gero. Batetik, leioaztarrak bozka ematera animatu nahi ditugu eta, horretarako, aukera ezberdinak eskeiniko ditugu (bozka aurreratua gure lokalean eta auzo ezberdinetan, azaroaren 5ean bertan hainbat bozkaleku egongo dira…); bestetik, bestelako hainbat ekimen ere (urriaren 21eko herri afaria, kalejira ibiltaria Txopoetatik Pinuetara…) burutuko ditugu galdeketa ezagutarazteko, ohiko propagandaz aparte (kartelak, pankartak, buzoneoak…). Ekimen guzti horiekin San Bartolomén, Txopoetan, Lamiakon, Pinuetan eta Txorierrin egongo gara, urriaren 28an ekimen ezberdinak Polikiroldegian eta kargudunen eta kargudun ohien agerpen publikoa eta abar.

leihoa.info: Eta zein aurreikuspen egiten dituzue?
X. SM.: Oso baikorrak gara baina, aldi berean, errealistak. Ez ditugu helburu handiak jarri nahi, badakigulako gure herria zer-nolakoa den (sakabanatua, herri izaera ahulekoa…) eta zein bitarteko mugatuak ditugun (komunikabide publiko eta pribatuak ez ditugu oso alde, instituzio publikoek parte hartzera ez deitzea muga bat da, gure publizitate guztia bolondresen lanari esker eginikoa da…). Beraz, badakigu gure herrian egongo den parte hartzea beste herri batzuetan egon denaren antzekoa izango dela. Baina hala eta guztiz ere guretzat parte hartze datua ez da inportanteena, baizik eta prozesua bera eta gure dinamikara hurbilduko den jende guztia. Azaroaren 5eko parte hartze datua izango da izango dena, baina ziur gaude bidean lortutako atxikimenduak, lanean ibilitako jende kopuru handi eta anitza, ikuskera politiko-ideologiko desberdinak parte hartzea… guzti hori funtsezkoa izango da etorkizunean pausu gehiago emateko.

leihoa.info: Nortzuk daude deituta bozkatzera eta non bozkatutko da?
X. SM.: 16 urtetik gorako leioaztarrak daude deituta bozkatzera. Eta hainbat bozkaleku egongo dira herrian zehar: Bulebarrean, Sabino Arana kaleko Gure Esku Dagoren lokalean, San Bartolomén, Pinuetan, Lamiakon, Txorierrin, Artatzan, Sarrienan… Hautestontzi ibiltaria ere egongo da, erdialdetik urrunen dauden auzo eta herritarrei ere aukera emateko bozka eman dezaten. Azken batean, 12 bozkatzeko leku eta modu egongo dira, eta hurrengo egunetan horien guztien berri eman dugu.

leihoa.info: Bozka aurreratuaren aukera aipatu duzu. Nola eman ahal izango da bozka hori?
X. SM.: Posta bidezko bozka ezin dugunez erabili eta aukera eman nahi diogunez azaroaren 5ean Leioan egongo ez den jendeari bozka emateko, diseinatu dugu sistema bat, berme demokratikoak betetzen dituena jendeak aurreko egunetan bozka eman dezan. Bozka emateko orduan nortasuna akreditatu behar da ohiko bitartekoen bidez (NANa, pasaportea…) eta agiria iraungita edota azaltzen ez badu Leioan erroldatuta dagoela, Leioako errolda-agiria ekarri behar da. Bozkatzaileak aukeratutako boto-papera ohiko gutunazalean sartu eta hori handiago baten barruan ere sartu behar da, mahikoek sinatu eta norberak ere sinatu egiten dute, erregistro-zenbakia jartzen zaio eta hautestontzian sartu egiten da. Eguna bukatuta, batu egiten dira bozka guztiak eta horiek zainduko dituztenen esku geratuko dira gordeta azaroaren 5era arte, ohiko bozketa izan ondoren hautestontzietan sartzeko. Sistema hori sistema informatiko batekin kontrolatuta dago jendeak birritan bozkatu ez dezan.

leihoa.info: Aipatu dituzu bolondresak. Zer nolako erantzuna eduki duzue, jende asko hurbildu zaizue lan guzti horietan laguntzeko, zer giro somatzen duzu?
X. SM.: Jendearen erantzuna, zalantza barik, oso ona izaten ari da. Ez dakit horrek zer suposatuko duen emaitzetan, baina orain arte jende asko hurbildu zaigu eta espero dugu hurrengo egunetan are jende gehiago hurbiltzea, lan handia dagoelako hemendik eta azaroaren 5eko eguna bukatu arte. Horretaz gain, nik uste jakinmina handitzen ari dela eta jende gero eta gehiago ari dela galdetzen herri galdeketaz eta parte hartzeko gogoa ere, esparru sozial, ideologiko eta politiko ezberdientako pertsona gero eta ugariagoetan ari da da azaltzen. Alde horretatik, esperantza badugu parte hartze txukuna egon dadin. Hori horrela izateko ahalegin guztiak ari gara burutzen gure aldetik, behinik behin.

leihoa.info: Bukatzeko, emaizkidazu arrazoi bi bozkatzera joateko Azaroaren 5ean.
X. SM.: Lehenik eta behin, gure gizartea nola antolatu behar den ezin baitugulako utzi gutxi batzuen eskuetan eta, zentzu horretan, oso ariketa ederra izango baita jendeak herri honen geroaz zer pentsatzen duen jakiteko eta, bigarrenez, gure etorkizuna herritar guztion artean erabaki beharra dagoela uste dugun guztion ardura delako eztabaidatik bozka ematerako lehen urratsa ematea. Etorkizuna gure esku dagoela pentsatzen badugu, bozkatu egin behar dugu.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.