XXXI. Nekazaritza eta Abeltzaintza Azoka datorren igandean itzuliko da Leioara

Leioako Udalak datorren igandean, abenduaren 16an, 10:00etatik 15:00etara Bulebarrean eta Errekalde eta Jose Ramon Aketxe plazetan egingo den ohiko Nekazaritza eta Abeltzaintza Azokaren XXXI. edizioa antolatu du. Urtero udalerrian milaka bisitari elkartzen dituen eta BBKren, Leioako Euskal Kirol Zaleen eta Euskal Sagardoaren laguntza duen hitzordu tradizionala dela eta, Udaltzaingoak trafiko mozketak aurreikusi ditu 07:00etatik 17:00etara.

Azokari goizeko 10:00etan emango zaio hasiera. Goiz guztian zehar animalia erakusketa (behiak eta idiak Bulebarrean; zaldiak, ahuntzak eta ardiak Errekalde plazan); nekazaritzako produktuen erakusketa, dastatzea eta salmenta (Bulebarrean eta José Ramón Aketxe eta Errekalde plazetan); umeentzako tailerrak (José Ramón Aketxe plazan); talde argazkietarako txokoa (José Ramón Aketxe Plazan); lehiaketak (‘behi ederrena’ eta ‘pisu gehieneko behia’) eta animazioa (Leioako Txistu Doinuak taldeko txistulariak, Udondoko Txikiteroak, Trikitilariak eta Lamiako Maskaradako erraldoiak kaleetan zehar ibiliko dira).

Goizeko 11:00etan, beste alde batetik, Gure Ohiturak Dantza Taldearen euskal dantzen emanaldia ikusgai egongo da Bulebarrean eta herri kirolak Errekalde Plazan. Goizeko 11:30ean Bertso Jirari hasiera emango zaio (Errekalde eta José Ramón Aketxe Plazetan 12:00etan, eta Bulebarrean, 12:30ean). Eguerdian herri kirolak (Errekalde Plazan), paseoak ponian eta gurdian (Errekalde plazan), Idiazabal Jatorri Izendapeneko XX. Leioako Udala Gazta Lehiaketa Bizkaiko ekoizleentzat eta gazta dastatzea egongo da Bulebarrean eta denboraldiko perretxiko eta onddo eta Eusko Label sagardo dastatzea, Zazpi Mikologia Elkartearen eta Eusko Label erakundearen laguntzarekin (José Ramón Aketxe Plazan).

Ordu batetan parte hartuko duten ganadu arrazen pisatzea eta eurei buruzko azalpenak emango dira Bulebarrean. Ordu bete beranduago, Gazta eta postuen apainketa lehiaketetako sarien banaketa eta azokako produktuak dituen saskiaren zozketa. Azkenik, arratsaldeko 15:00etan emango zaio amaiera azokari.

Trafiko mozketak

Goizeko 07:00etatik arratsaldeko 17:00etara, errepide hauek trafikorako moztuta egongo dira:
• Getxo-Bilbo noranzkoan, Sabino Arana eta Luis Bilbao Líbano Doktorea kaleen arteko tartea.
• Bilbo-Getxo noranzkoan, Iturribideko intersekzioa (noranzko aldaketa) eta Elexalde arteko tartea.
• Elexalde–Sarrienako igoera-jaitsiera tartea.

Beste alde batetik, San Juan, Iturribide, Ikea, Jose Ramon Aketxe eta Errekalde auzoetako biztanleak Mendibiletik irten eta sartu beharko dira derrigorrez. Getxotik eta Bilbotik datozen ibilgailuak Avanzadako tuneletatik etorriko dira batez ere.

Edozelan ere, trafikorako moztuta egongo den gunea behar bezala seinaleztatuko da, eta Udaltzaingoak inguru horietatik gidatuko dutenei kontu bereziarekin aritzeko eskatzen die, bisitari asko egongo delako.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude