Zaharrago, ikaskurago :: Estatua ala Estatutua?

Gorka Azkarate I Irakaslea

“Gure Autonomia Erkidegoa Estatu bat bihurtzea nahi duzu?” edo antzeko zerbait, inkesta batean, galdetu izan dutenean, emaitzak oso bestelakoak izan dira erantzunen artean ‘Bai/Ez’ horiekin batera hirugarren aukera eman dutenean. ‘Bai/Ez’ aukera besterik ez dagoenean jende askok ‘Ez dakit/ez dut erantzungo’ hautatzen du. Hirugarren aukera dagoenean ‘Bai/Ez/Egoeraren arabera’, jende askok, jakina, hirugarrena hautatzen du.

Laugarren aukera bat ere egongo balitz jende askok hautatuko luke. Galiziar erara erantzuteko gogoa izango lukete askok, galdera bati beste galdera batekin erantzuteko gogoa. Seriotan galdetu duzue? Erantzuna kontuan hartuko?

Seriotan galdetuko balidate seriotan erantzungo nuke: zaila zaidala aldaketaren kostua kalkulatzea.

Aldaketa baten alde egoteko sintetsi behar duzu B egoera, etorkizuneko egoera, A egoera, oraingo egoera baino hobea izango dela. Horretan sinesten baduzu aldaketaren alde egongo zara baldin eta aldaketaren kostua ordaintzeko prest bazaude.

Juan Mari Atutxari behin entzun nion berak sinesten zuela gure herriaren independentzian eta behin betiko bizitza eternalean. Baina, bietarako, ez zuela inolako presarik. Bizpahiru hamarkadatan gogor, dohatsu, lan egin eta paradisura. Benetan sinetsiz gero, badirudi merezi duela.

Oraingo Estatututik Estatu estatusera igarotzeko bidean, aldaketaren kostuaren zati handi bat enplegatuok, zergapekook, ordaindu beharko genuke. Zatirik handiena, beti bezala.

Aldaketaren kostuaren beste zatia enpresek ordaindu beharko lukete. Eta enpresek, agidanez, Juan Mari Atutxak baino gehiago sinesten dute paradisuan. Paradisu fiskaletan.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude