Zer berri? :: ‘Hamaika desio utopiarako’, Ibon Muñoa presoaren liburua

“Ibon kalean balego, blogaria litzateke. Blogari berezia, halere, bertsoz eta poesiaz ematen duelako egunekoak eragiten dion hausnarketa, normalean, hitz lauz jarduten dugulako bloga dugunok. Era berean, ezin dugu ahaztu, unean uneko gaien gainean hausnartzen da webgune batzuetan. Muñoak gauza bera egiten du, ezagutu duen albiste batek, adibidez, zer senti edo pentsarazi dion azaleratzen du. Eguneroko moduko bat dela esan genezake, beti ere hitz neurtuan idatzita” dio Leire Narbakitzak Ibon Muñoa presoak idatzitako liburuaren hitzaureean.

Muñoak, bere aldetik, honakoa idatzi zuen liburua aurkeztu zen bere herriko ekitaldirako: “Utopia da Tomas Morok irudikatu zuen uhartea. Saiakera horretan Elhuyar entziklopediak dioenez, jendarte zein aginte ingeles eta europarren kritika egiteaz gain, estatu eta gizartearen antolaketa ideala plazaratu zuen.

Antzerako idealei buruz idatzi zuten adibidez euren garaian Platonek eta Francis Baconek. Che Gevarak bere aldetik bere idealak praktikatu zituen, geurean praktikatu zituzten bezala Txabik, Argalak, Txominek eta abar.

Tomas Moro Enrique VIII. aren kantzilerra izan zen, hau da, idazkaria. Kritikatu zuen sistemaren partaide zen, eta katoliko sutsua zenez, erreformistak zigortu zituen erregeak lepoa moztu zion arte. Bere bizitza kontraesankorra izan zen, ideala ez zetorren bat praktikarekin.

Nik nire kontraesanak ditut ere. Sorkuntzetan salatzen ditut. Nire asteroko terapia da. Horregatik utopia irudikatzen saiatzen naiz. Sustatzen gaur baino hobea bihar izan nadin.

Morok Utopia 1516. urtean idatzi zuen. Nik zuek bezala nire utopiak eta desirak dauzkat. Bostehun urte geroago neureak idatziz aipatzen ditut, zero utopia ez baita gauza abstraktu bat, baizik bide bat iristeko ongizatera.

Nik idazten ditudan sorkuntza batzuetan utopiaren izenak izendatzen ditut. Eta ahalegintzen naiz utopiei zentzua ematen distopiak gainditzeko.

Preso zaudenean utopiaren beharra aldiro sentitzen duzu. Eta jakina espetxeak eraistea utopiarik behinena da. Espetxea delako lurpetu nahi ditugun gauza kaltegarrien artean nabarmenetako bat.

Gerra, gosea, kapitalismoa, monarkia, matxismoa eta beste asko diren legez. Eta horiek eraisteko edo haizatzeko alternatibak eraikitzen ditugu, idealak praktikatuz. Iraultza txikiak egiten ahalegintzen gara, sendotzeko elkartasuna, ingurugiroa, euskara, gizatasuna, berdintasuna, feminismoa, Euskal Herria, bakea… Bizi gaitezen askatasunean, maitasunean, zinezko paradisuan.

Hamaika desira utopiarako daukagu, Euskal Herria eta mundua gurekin izan daitezen hobeak. Ondratzeko joan ziren minei”.


Laburrean

Egilea  Ibon Muñoa Arizmendiarrieta

Argitaletxea  Ataramiñe

Zenbatekoa  15,00 €

Hizkuntza  Euskara

Orri-kopurua  430

Argitalpen-urtea  2018

Lizentzia  Copyright

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude