Zer berri? :: “Hiri kristalezkoa”, Rafa Ruedaren disko berria

Gelditzeak ahanztura ere ekar dezakeela ondo dakien musikagilea da Rafa Rueda, eta oraingoan galdera berriak dagizkie bai bere buruari zein bidelagun dituen letragileei: Munduko biztanleak hirietan biltzen ari diren sasoian, nolakoak dira gure hiriak? Norantz goaz? Eta hiriak bizi dituzten pertsonak? Hiria, komunitatea eta bakardadea, kosmopolitismoaren malurak, iraganeko etorkizuna, pertsonen hauskortasuna… XXI. mendeko musikagilea, XXI. mendeari kantari. Lan berriak arreta piztuko du, zalantzarik gabe, Rafaren kantuen eta moldaketen kalitate mailagatik ez ezik, hitzetan parte hartu duten idazleengatik ere, bertan Harkaitz Cano, Leire Bilbao, Gotzon Barandiaran, Unai Iturriaga, Miren Amuriza eta Arkaitz Estiballesen hitzak musikatuta eskainiko baititu. Berritasunak ekoizpenean ere igarriko ditu entzuleak, izan ere, W.A.S (We Are Standard) taldeko Jon Agirrezabalaga arduratu baita diskoari ukitu elektroniko eta dantzagarriak eransteaz.

Hogei urtetako ibilbide sendoa jorratu du Mungiako musikagileak, 90ko hamarkadaren hasieran Broken Bihotz taldearekin estreinatu zenetik. Euskal rokaren berritzaileetakoak izan ziren TT L.T. sortu zuen ondoren, zeina aurten itzuli den, zaleen eskariz, erantzun ezin hobea izan duen bira laburrean. 2003an hasi zuen bakarkako ibilbidea KEA diskoarekin eta ordutik etengabeko bilaketan ari da Rafa, letraren eta musikaren arteko elkartze gatazkatsutik kantaren funtsa aurkitu nahian.

Hainbat proiektu garrantzitsutan parte hartu eta aintzindaritza musikala eraman duelarik (Mikel Urdangarin, Kirmen Uribe idazlearekin, Lou Topet, Jon Enbeita…), azken urteotan bere izenaren prestigioa igotzen ikusi dugu, ezinbestean. Rafa Ruedak parte hartzen duen proiektu guztiak, aldi oro, bereziki iradokitzaile ta erakargarri bilakatu dira.

Baxua: Jaime Nieto (Atom Rhumba, W.A.S, Joseba Irazoki eta lagunak). Bateria: Julen Zulaika (Lou Topet, Tik-Tara, Serious Bussiness). Teklatuak: Txus Aranburu (Tapia eta Leturia, Arkaitz Miner, Eñaut Elorrieta, Duncan Dhu, Alex Ubago).

Hau guztia Malen Amenabar irudigilearen diseinuak jantzita. Etorkizun handiko sortzaile grafikoa, eta musikak zein testuek iradokitako guztia indar handiko irudien bitartez berrasmatu duena bere unibertso pertsonalera ekarriz. Izen askoren elkarlana, bakoitzak bere onena emanda hiria eta pertsonaren arteko harremanari buruzko hausnarketa honetan.

Abestiak

1. “Angel” (Hitzak: Harkaitz Cano / Musika: Rafa Rueda) 5:10
2. “Jon” (Hitzak: Harkaitz Cano / Musika: Rafa Rueda) 4:10
3. “Nahikari” (Hitzak: Gotzon Barandiaran / Musika: Rafa Rueda) 4:10
4. “Roy Batty” (Hitzak: Unai Iturriaga / Musika: Rafa Rueda) 4:22
5. “Little Cowboy” (Hitzak: Unai Iturriaga / Musika: Rafa Rueda) 4:47
6. “Eleonora” (Hitzak: Miren Amuriza / Musika: Rafa Rueda) 4:30
7. “Maryana” (Hitzak: Gotzon Barandiaran / Musika: Rafa Rueda) 4:40
8. “Ainara” (Hitzak: Leire Bilbao / Musika: Rafa Rueda) 4:48
9. “Oroitz” (Hitzak: Arkaitz Estiballes / Musika: Rafa Rueda) 5:49
10. “Irina” (Hitzak eta musika: Rafa Rueda) 5:12


Laburrean

Egilea  Rafa Rueda

Diskoetxea  Elkar Argitaletxea

Zenbatekoa  15,50 €

Formatua  CD

Hizkuntza  Euskara

Argitalpen-urtea  2017

Lizentzia  Copyright

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude