Zer berri? :: Joanes Urkixoren ‘Ekaitza urrun’

1936ko irailean, gerrak Euskal Herria erdibitu du. Erretagoardian, Bilbo ustezko barealdian bizi da. Ekaitza urrun dago.

Eta, hala ere, hiriko kaleetan bestelako gerra dabil, ezkutua eta isila, erreboltarien zaleek borrokatzen dutena. Hauetako bat da Wilhelm Wakonigg, Austrian jaiotako negozio gizon eta kontsul ohia. Bilboko hainbat eskuindar, falangista eta monarkikori ihes egiten lagundu ondoren, Wakoniggek espioi sare bat osatuko du Bilbo inguruko defentsa eta errekurtsoei buruzko informazioa bildu eta Franco eta Mola jeneralen indarrei helarazteko asmoz.

Gabino gazte galdakoztarra euskal polizia-indar berrian onartua izan da. Getxoko Nazioarteko Eremura bidalia, han Wakoniggen espioi lagunen joan-etorriak zaindu beharko ditu eta beraien asmoak eragozten saiatuko da, eginkizunean bizitza eta maitasunari buruzko saminak ezagutuz eta, aldi berean,  Euskal Herriaren historiako aldi garrantzitsu baten partaidea izango delarik.

Idazlea, Joanes Urkixo, Bilbon jaioa 1955.ean, Euskal Filologian lizentziatua da, lanbidez idazle eta gidoigilea. Gidoigintzan 30 urteko ibilbidea egin ondoren, era guztietako lanak idatzi ditu: dokumentalak, entretenimendu-saioak, haurrentzakoak, publizitatea, bideo korporatiboa, komikia… Esperientziarik zabalena, hala ere, fikziozko arloan bereganatu du, sitcomak, animaziozko telesailak eta film luzeak idatzi dituelarik. Azken hauen artean Goomer (Animaziozko Goya Saria 2000), Cristóbal Molón (2006), Querida Bamako (Cubako Cine Pobre Zinemaldiko Saria 2007) edo Lasa eta Zabala (2014) aipa daitezke.

Idazle lanetan, 1978-80 urteetan hasi zen, Bernardo Atxaga, Joxemari Iturralde eta Joseba Sarrionaindiaren Pott bandaren aldizkarietan kolaboratuz. 1983 urtean Ttuttua literatur aldizkaria sortu zuen Laura Mintegirekin batera eta, aldi berean, hainbat egunkari eta aldizkaritan idatzi zuen.

Lehen liburua (Eta beharbada ispilu beltz bat) 1982 urtean argitaratu zuen, eta segidan, Elur gainean (Erein, 1984) narrazio bilduma. Harrezkero, 20tik gora lan argitaratu ditu, horietatik asko haur eta gazteentzat: PatxiTrumoik letrak ikasi nahi ditu, Thule, Bihotz Ausarta, Gerlari Zuria eta abar.

Zenbait literatur sari ere eskuratu ditu, bereziki aipagarriak hauexek: 1983 urtean, Eusko Jaurlaritzaren “Kirikiño” narrazio labur saria. 1997 urtean, Euskalgintza Elkarlanean Fundazioaren beka. 2003 urtean, Apirila Saria, Gerlari Zuria eleberriarekin.


Laburrean

Egilea  Joanes Urkixo

Argitaletxea  Erein argitaletxea

Zenbatekoa  18,00 €

Hizkuntza  Euskara

Orri-kopurua  264

Argitalpen-urtea  2018

Lizentzia  Copyright

ISBN  978-84-9109-310-7

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude