Zer berri? :: ‘Kateak’, Jon Gurrutxagaren diska berria

Jon Gurrutxagak lan berria Lokatzetan Play bildumaren barruan kaleratu du formatu bikoitzean. Kateak izenpean, binilozko singleak bi abesti jasotzen ditu (‘Kateak’ eta ‘Desitxuratuz’, biak Xabi Lasaren hitzekin); barruko CDak, berriz, lau (aipatutako biak eta ‘Unearen oraina”‘ eta ‘Wrinkled shirts and jackets’). Urbil Artolarekin batera hasia da zuzeneko kontzertuak eskaintzen.

Peio Gorrotxategi soinu teknikariaren Aieka estudioan grabatu ditu Gurrutxagak lau abesti hauek, patxadaz, inolako presarik gabe. Kanta zaintzea maite du musikari gipuzkoarrak. Aurreko diskoan horren emaitza ona ekarri zion lan egiteko modua errepikatu du: abestu ez ezik, hainbat instrumentu jo ditu (gitarra akustikoa, bateria, perkusioa eta aho soinua ‘Desitxuratuz’ abestian), eta laguntzaile ezberdinak izan ditu kanta bakoitzean. Horrela, Iñigo Gorritxategik baxua jo du hiru abestitan (‘Kateak’, ‘Desitxuratuz’ eta ‘Unearen oraina’), Patxi Zabaletak gitarra elektrikoa (‘Kateak’), Urbil Artolak dobroa (‘Desitxuratuz’), Los Reyes del KO taldeko Marcos Collek aho soinua (‘Wrinkled shirts and jackets’) eta Peio Gorrotxategik teklatua (‘Desitxuratuz’).

Arima Beltza taldeko kide ohiak Jon & Sugramas goitizen artistikoa erabili zuen 2010ean disko homonimo batekin plazara ateratzeko, talde formatuan, baina abestiak lantzeko eta grabatzeko bide pertsonal eta malguago batera jo zuen Hitz lauz diskoan. Hogei urtetik gorako ibilbidea egin ondoren —Arima Beltzarekin hiru disko grabatzeaz gain, hainbat proiektutan hartu du parte: UEK, Andrakan, Bikustik… eta iaz bira bat egin zuen Keu Agirretxearekin—, Jon Gurrutxaga izen ezagun eta aintzatetsia da euskal eszenan eta, batez ere, bluesaren eta 70eko hamarkadan sortutako rockaren zaletuen artean.


Laburrean

Egilea  Jon Gurrutxaga

Diskoetxea  Gaztelupeko hotsak

Zenbatekoa  10,00 €

Hizkuntza  Euskara

Argitalpen-urtea  2018

Lizentzia  Copyright


Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude