Zer berri? :: “Maitea”, Toni Morrison-ena

Hil berri den Toni Morrisonen literatur lanetan, arraza-, sexu- eta klase-arteko gatazkaren deskripzio errealistaz gain, fantasia eta elementu mitikoak ageri dira, oso errotuak beltzen folklorean. Maitea honetan ere, adibidez, protagonistak haur hil baten mendean daude, eta hark bultzatuta doaz ihesi bi anaia etxetik, ama eta arreba etxean bakar-bakarrik utzita.

Prosa gogor eta lirikoa du. Blues, jazz edo kantu espiritualen tradizioari jarraituz, elkarri eskua emanda doaz zoriona eta tristura, algara eta malkoak, maitasuna eta heriotza. Esandako guztiaren harian, hainbat irakurketa izan ditzake liburu honek: mamuen istorioa, kontakizun errealista, maitasun-istorioa, eleberri politikoa, feminista… Baina guztien gainetik, agian, irakurleari galdera bat txertatzen dio buruan: zer ote den benetako maitasuna eta zein diren gizatasunaren mugak.

Estiloa ere berezia du: zatika dago idatzia. Badirudi Morrisonek ispilu bat hartu, lurrera botata hautsi, eta printza horietan islatutako irudiak ematen dizkigula eskura, geuk osatu eta ondorioak atera ditzagun.

Toni Morrison estatubatuarra (Lorain, Ohio, 1931; New York, 2019) beltzen kultura, musika eta folklorean hazi zen. Bere buruan sinesten eta bere sustraiekin harro egoten ikasi zuen etxean. Sakon ikertu du amerikar beltz esklaboen historia eta nortasuna: bai hasierako askatasun egarria bai ondorengo borroka ere gizarte arrotz batean egokitzeko. Morrisonek idatzitako liburuen artean daude, besteak beste, The Bluest Eye (1970), Sula (1973), Song of Solomon (1977), Tar Baby (l981), Jazz (1992), Paradise(1998) eta Love (2003). Maiteak Pulitzer saria jaso zuen 1988an; eta Toni Morrisonek, Nobel saria 1993an.

Laburrean

Izenburua  Maitea

Egilea  Toni Morrison

Itzultzailea  Anton Garikano

Argitaletxea  Alberdania

Zenbatekoa  15,90 €

Hizkuntza  Euskara

Orri-korpurua  376

Argitalpen-urtea  2004

Lizentzia  Copyright

ISBN 84-96310-30-2

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.