Zer berri? :: Markos Untzetaren “Eguzki gorri bat”

Hiruzpalau urteaz behin disko bat argitaratzeko ohitura gordez, bosgarren diskoa dakar besapean Markos Untzetak, Eguzki gorri bat izenburua duena. Lehen berritasuna azalean topatzen dugu, grabazioan parte hartu duten musikarien taldeari izena jarri eta bere sinadurari erantsi baitio lehen aldiz. Musikari taldean dago beste aldaketa nagusia aurreko lanekiko: Giovanni Zanon-ek (gitarra elektrikoa), Anjel Ituartek (baxua) eta Iñaki Belaustegik (bateria) osatzen dute Esku Hutsik.

Azken urteetan zuzenekoetan lagundu dioten musikariak dira, baina hauxe da Untzetarekin egin duten lehen grabazioa. Aurreko diskoetan —Seinaleak izenekoan izan ezik— kolaboratzaile ugarik janzten zituzten Untzetaren abestiak; oraingoan berriz, talde izaera indartu etu soinu oinarrizko eta zuzenago baten alde egin du Untzetak. Lau musikariek batera joaz grabatu dute Eguzki gorri bat Tio Pete estudioan, Unai Mimenza soinu teknikariarekin.

Bakarka grabaturiko disko gordin eta ilun bat, hala doinuetan nola hitzetan, argitaratu ostean —Seinaleak (Gaztelupeko Hotsak, 2014)—, erregistroz aldatu eta izenburutik bertatik argitsuagoa eta itxaropentsua den lan batekin itzuli da Markos Untzeta. Kantu bilduma honetan denboraren iragateaz mintzo da batez ere, denbora harrapatzeko ezintasunaz (“Oi! denbora”) eta bizitako momentu gozo eta zirraragarrien iheskortasunaz (“Buhame erregina”, “Esku hutsik”, “Begira iezaiozu zeruari”), eta gogora ekartzen dizkigu haurtzaro eta gaztaroarekin (“Haurtzaroaren hondartzak”, “Geroari beldurrik ez”) zein Eibar jaioterriarekin (“Nire gaurko herria”, “Iraganeko lekuak”) loturiko oroitzapen pertsonalak, ahantzi barik adiskidetasuna (“Hor duzu laguna”) eta maitemina (“Bada zerbait esan nahi dizudana”) bezalako gai unibertsalak.


Laburrean

Egilea  Markos Untzeta & Esku Hutsik

Diskoetxea  Gaztelupeko Hotsak

Zenbatekoa  10,00 €

Formatua  CD

Hizkuntza  Euskara

Argitalpen-urtea  2018

Lizentzia  Copyright

Abestiak

1. Eguzki gorri bat
2. Geroari beldurrik ez
3. Buhame erregina
4. Oi denbora!
5.Esku hutsik
6. Nire gaurko herria
7. Haurtzaroaren hondartzak
8. Iraganeko lekuak
9. Hor duzu laguna
10. Bada zerbait nahi dizudana esan
11. Begiraiozu zeruari

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude