Zer berri? :: “Mikel Laboa”, Delorean taldearen disko berria

Benetako sortzaileek belaunaldien gainetik bizirik jarraitzeko ahalmena erakutsi ohi dute, herri oroimenean tinko dirautela, euren abestiak eta moduak ere, denboraren iragaitean gaztetu egingo balira bezala. Klasikoak dira, beti aktualak direlako.

Horri esker, publiko berrien aurrean ez ezik, sortzaile berrientzat eta hauen ondorengoentzat ere eredu eta erreferentzia bilakatzen dira. Era horretara, transmisioaren katean begi beti berriak gehitzen jarraitzen dugu, izan ginena izango garenarekin lotzen dugunaz bat.

Mikel Laboa (1934-2008), zalantzarik gabe, berezko bidea duen artista dugu. Euskal Kulturaren garaikidetasunaren garapenean izan dituen eragina eta garrantzia ez dira nolanahikoak, eta, horrekin batera, euskal nortasunaren sentimenduari egin dion ekarpenagatik, gure herriaren historian leku argitsu bat merezi du.

Berrizalea, transgresorea, aurrerakoia… herri kantuari eta olerki garaikideari erakutsi dien maitasunak eta jakin-minak eraginda, entzulearen bihotzerainoko bide zuzen bat topatu zuen.

Esperimentatzeko eta bide berriak zein emozio berriak jorratzeko gogo horregatik bereizten dira batzuk beste batzuengandik, Delorean taldea bezala. Pop elektronikoaren esparruan ikaragarri hazi den talde hau 2000. urtean eratu zen, eta, harrezkero aurkeztu dituen lanen kalitate maila altuarengatik, eszenako bandarik interesgarrienetakoa eta herriarteko blogetan jarraituenetakoa bilakatzeko lehiatu da. Munduko bazter askotan lortu duten zabalkundearen ondorioz, euren zuzeneko harrigarri bezain sendoaren atzetik milaka gazte bildu dira.

Mikel Laboa deritzan Delorean taldearen lan berri honek ezinbestean harrapatzen gaitu. Erritmo sendoaren gainean oinarriturik, lan ikaragarria eraikitzen da, disparatutako doinuen ala softwareen eta benetako instrumentazioaren artean orekatua eta oxigenatua. Dena dela, lanak duen erakargarritasun handiena bere emozioan datza, sentikorra bezain sinbolokoa baita. Lana osatzen duten zazpi abestiak, Mikel Laboaren irudian eta sorkuntzan, bere alde intuitiboenean eta berezkoenean batik bat, oinarriturik daudela berehala sumatuko dugu.

Laboaren jatorrizko grabaketetako pistak erabilita, Delorean taldeak lengoaia bizkor bezain bizia erabiliz, unibertso berri bat moldatu du, Mikel Laboaren arimaren beroa eta kantuen dohainak bazterretan zabaltzen lagunduko duena.

Horretarako, Deloreaneko taldekideek (Igor Escudero, Guillermo Astrain, Unai Lazcano eta Ekhi Lopetegi) gogor ekin diote lanari azken urtean, klasikoak diren konposizio horiek era berri honetara egokitzeko, erritmoaren eta harmoniaren fintasunaz baliaturik kultur eduki sinboliko harekin, euskal nortasunaren sorburuetan jatorria duen sorkuntza berri sendo bat aurkezteko.
Iturri zaharrari, ura beti berria dariola.

Abestiak

1. “Kantuz” 7:16
2. “Dialektikaren laudorioa” (Lekeitio 3) 6:38
3. “Komunikazioa-Inkomunikazioa” (Azken pasartea, “EZ”) 6:22
4. “Denbora galduaren bila” 1:43
5. “Bentara noa” 6:27
6. “Orreagarako Introa” 2:34
7. “Orreaga” (Lekeitio 6) 6:25


Laburrean

Egilea  Delorean

Diskoetxea  Elkar Argitaletxea

Zenbatekoa  15,50 € (CD)

Formatua  CD / LP / MP3

Hizkuntza  Euskara

Argitalpen-urtea  2017

Lizentzia  Copyright

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude