Zergatik ez Kultur Leioaren Auditoriumean?

 Jon Aranbarri I Kazetaria

Azken asteotan Musika Kontserbatorioko Kantika Koralak bi kontzertu eman ditu herrian.

Lehena, ekainaren 30ean, gazteen San Juan Bautista Abesbatzarekin batera -biak Leioako Musika Kontserbatorioko abesbatzak-, Kalkutako Koloreen Fundazioaren aldekoa izan zen, Bilboko T4 Elkarteak antolatua.

Bigarrena atzo izan zen, Societat Coral Amics de la unió Veus abesbatzarekin batera eskeini zutena.

Biak San Juan Bataiatzailearen elizan eskeiniak. Lehena 8 €ko sarrera zuena, bigarrena doakoa, gure artean 5 egun pasatu duten Granollerseko umeen Cor katalandarra ezagutzeko parada izan genuen bertaratu ginenok.

Lehenean, jakin izan genuenez, nahiko beterik egon zen eliza. Atzokoan, erdizka -Udararen eraginez, ziur asko-. Edozein kasutan, errezitaldi zoragarria eskeini zuten Leioako Kantikak eta Granollerseko Veus-ek. Benetan lan bikaina ikusi eta gozatu ahal izan genuena. Horretan ere lagundu zuten Itxaso Sainz de la Maza piano joleak eta Ader Lekue perkusio bjoleak.

Baina, zer nahi duzue esatea, neroni ulergaitza egiten zait halako kontzertuak gure herriko eliza nagusian eskeini eta entzun beharra, ez baita herrian daukagun lekurik onena horretarako. Besteak beste, elizaren jezarlekuetatik, askotan, kantariak ezin ikusirik genbiltzalako. Eta, nire ustetan, Leioan bai baitugu egun eliza baino egokiagoa den azpiegitura horretarako: Kultur Leioaren Auditorium-a.

Are ulergaitzagoa egiten zait Auditoriumean ez egitea ekainaren 24tik aurrera ez denean ezelako ikuskizun edo emanaldirik programatu bertan.

Beraz, zer dela eta Kantika Koralak, San Juan Bautista Abesbatzak eta Catalunyako Cor Veus-ak ez dituzte euren emanaldiak eskeini herriko kultura azpiegitura egoki eta modernoenean?

Baten batek komentatu du Kultur Leioako Auditoriumean izateko lokala alokatu beharko lukeela Kantika Koralak -hots, Udal Musika Kontserbatorioko ume-abesbatzak-, eta hori nahiko garestia dela. Eta hori nahikoa ez eta, gainera, tramite burokratikoak nahiko astunak omen direla.

Ez dakit, aitor dezadan, hala den. Beno, bai, badakit herriko elkarte askok ez dutela hor ezer antolatzen alokariua ordaindu behar delako eta nahiko garestia delako. Baina, nik, nire ezjakintasunean, uste nuen hori elkarte ‘ez ofizialen’ kasuan zela soilik (eta horrekin ez dut esan nahi ados nagoenik), eta ez Kantika Leioa edota San Juan Bautista Musika Kontserbatorioko abesbatzena. Baina gure herrian, oraingo udal agintariek, antza, nahiago dute Kultur Etxean ez egotea programazio kulturalik udako bi hilebete eta erdian eta, kasurik onenean, zerbait egin nahi dutenek, elizan antola ditzaten euren emanaldiak.

Ulergaitza, tamalgarria… eta hanbat adjektibo gehiago erabil genezakeen. Baina, batez ere, niri, burura datorkidana hauxe da: zer ezberdin daukagun Leioan ondoko herrietan egiten dena -herriko kultur-, kirol- eta gizarte mailako erakundeei udal azpiegitura uztea haien ekimenak antolatu eta eskeintzeko- Leioan ezinezkoa izateko… Kultur Leioan programaziorik ez dagoen udako bi hilabete eta erdian ere?

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude