Zurrumurruen aurkako sarearen lehen hitzaldia izango da gaur

Leioako Udaleko Hezkuntza eta Partaidetza Sailak Zurrumurruen aurkako sarean parte hartzeko gonbidapena luzatu du, gaur Kultur Leioako prentsa gelan (Kultur Leioaren 4. solairuan) izango den lehen formazio-saioan parte hartuz. Xabier Aierdi, soziologian doktore denak, hitzaldi interesgarria eskainiko du 18:00etan ‘Migrazio prozesuak: zurrumurruak, hautemateak eta jarrerak’ izenburupean. Aierdi Ikuspegiren (Inmigrazioaren Euskal Behatokia) sortzaileetako bat izan zen.

Gaurko saioaren ostean Udalak  formazio-saio gehiago antolatu ditu, ondoko datetan:

Martxoak 28: ‘Kategorien Kulturgintza. Zurrumurruak, estereotipoak, aurreiritziak’, Andrea Ruiz Balzolak (Antropologia doktorea eta Migrazioetan aditua) gidatuta. Kultur Leioaren Prentsa gelan.
Apirilak 2: ‘Elkarrizketarako eta komunikaziorako trebetasun praktikoak I’, Yolanda Muñozek (Psikologoa, bitartekaria eta Gizagune Erakundearen arduraduna) gidatuta. Saio hau Errekaldeko Nagusien Etxean burutuko da.
Apirilak 4: ‘Elkarrizketarako eta komunikaziorako trebetasun praktikoak II: Elkarbizitzaren eta Bake-Kulturaren Sustapena’. Errekaldeko Nagusien Etxean hau ere.

Zurrumurruak, estereotipoak eta Aurreiritziak langai

Udalak zurrumurruak, estereotipoak eta aurreiritziak landu eta atzerritik etorritako pertsonekin elkarrizketa eta komunikazioa jorratzeko tresnak eskaini nahi ditu formazio-saio hauen bitartez.

Herritarrei luzatutako programa honek, “lehendabizi norbera trebatzera zuzendua dago eta, ondoren, zurrumurru alderdikarien aurka, pertsonak gutxietsi, baztertu eta makurrarazten dituzten zurrumurruen aurka egitera zuzendua dago”, azaldu dutenez..

Apirilaren 4an izango du bukaera oinarrizko trebakuntzak. Ondoren udal administrazioari berari zuzendutako trebatze-aldia antolatzeko asmoa du udalak. Hasierako parte hartzerik ez duten pertsonek ere zurrumurruen kontrako sarearen partaide izateko aukera bera izango dute, “trebakuntza etengabekoa izango baita (eta) geroago ere berregingo baitira ikastaroak, erabiltzaile berriak bertaratzen diren heinean”, esan dute udal iturriek.

Info +

e-postaz  amekadi@gmail.com

Telefonoz  662 425 662

Whatsappez  670 745 032

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.