Aberri Egunera begirako “Euskal Herria batera” ekimena aurkeztu dute

Euskal Herria batera izeneko ekimenak aurtengo Aberri Eguna, osasun larrialdia dela medio, kalean ezin denez egin, Euskal Herri osoan “batera egindako keinu batekin ospatzeko eta, aldi berean, larrialdi honetan bizia galdu dutenak omentzeko, dolua adierazteko eta zaintzan dabiltzanei denon esker ona adierazteko”.

Sare sozialen bitartez eman dute ezagutzera ekimen honetako hainbat kidek datorren iganderako gogoeta. Gogoratzen dutenez, “osasun itxialdiaren zama arintzeko, batera irteten ari gara etxeetako balkoietara eta leihoetara, kantuan egiteko eta txalo jotzeko. Elkarrekin aldi berean egindakoak babesa eta indarra ematen digulako”. Ekimeneko kideen ustetan, “Euskal Herrian batera egiten dugunak elikatzen du sendotu nahi ditugun komunitate sentimendua eta herri kontzientzia”.

Balkoiak ikurriñekin, argazki-mosaikoa eta kantuan batera aritzea ordu berean

Ekimenaren proposamena 2020ko Aberri Egunean Euskal Herri osoan eta batera ikur kolektibo bat osatzea elkarrekin kantuan egitea da, “euskal herritarren, lurraldeen eta administrazio esparruen jardunentzat jomuga bateratua nahi dugula. Elkarrekin eraikitako egitasmo partekatuak emango diola gure herriari behar duen etorkizuna” aldarrikatzeko. Ekimenaren sustatzaileen ustez, “nazio eraikuntzak behar du oinarrian komunitate bat, guztion bizitza duina eta eskubide oinarrizkoak bermatuko dituena; eta baita pertsonen arteko berdintasuna nahiz elkarreganako zaintza eta errespetua sustatuko dituena”.

Diotenez, koronabirusak eragindako krisian euskal komunitateak “bere indarra erakutsi du, berriro ere”. Etorkizuneko erronkei begira, “lankidetza aldarrikatu nahi dugu erakunde, eragile eta herritarron artean, bakoitzak bere ahotsari uko egin gabe gai izan gaitezen batera jarduteko, egoerak hala eskatzen duenean”. Eztabaida demokratikoaren bitartez eraikitako lankidetzak “gure herri izaera, sentimendu eta nortasun desberdinekin osatua” indartuko duela diote. Indar horrek “gure herria erabakimena duten herri libreei dagozkien eskubide politikoen jabe izatera” ere eramango duenaren konbentzimendua dute.

Euskal Herriko erabakimena eta garapen kolektibo eusgarria eta berdinzalea

Euskal Herria Batera ekimenak egungo salbuespen egoera Aberri Egunari zeregin berria emateko baliatu nahi dute: euskal komunitateko kide sentitzen direnei “erabakimena, garapen kolektibo eusgarria eta berdinzalea emango ligukeen Euskal Herria aldarrikatzea”, diotenaren arabera, “eskubide guztien jabe izango den gure nazioa eraikitzean, mundua hobetzen ari garela” sinetsita baitaude.

Euskal herritarrak, batera, ikur bat osatzen jarri nahi dituzte, “bakoitzak bere desioak adieraziz egindako argazkiekin” mosaiko digital erraldoia osatuz Aberri Egunean sare bidez mundura zabaltzeko.

Horrekin batera, Euskal Herria batera kantuan ere jarri nahi dute, “egun eta ordu berean euskal irratien emankizun bereziari jarraituz, ikurrinez eta Nafarroako banderez apaindutako balkoietan”.

Euskal Herria Batera ekimenaren talde sustatzailea

Ekimenaren talde sustatzailean daude, besteak beste, Eusko Ikaskuntzako lehendakari Iñaki Dorronsoro, Maddalen Arzallus eta Aitor Servier bertsolariak, Amaia Nausia historialaria, Kike Amonarriz euskaltzalea, Terexa Lekunberri antropologoa, Gure Eskuren bozeramaile ohi Angel Oiarbide, Maialen Sáez de Okariz erizaina, Gaizka Aranguren kazetaria, Amaia Merino zinemagilea, Markel Susaeta futbolaria, Estitxu Garai Artetxe publizista, Mikel Irizar jubilatua, Iratxe González medikua, Xabier Barandiaran soziologoa, Marijo Monco garbitzailea, Pello Otxandiano ingeniaria, supermerkatu batetako langile Ainhoa Aiensa, UPV/EHUko Mario Zubiaga irakaslea edo Cristina Jacas suhiltzailea.

Info +

Webgunea   Euskal Herria Batera

Argazkia egiteko   Karteltxoa

Inprimatzeko  Ikurriña

Euskal Herria Batera ekimenaren aurkezpen bideoa

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude