Pinuetako taberna bat zigilatu dute eta hiru pertsona atxilotu dituzte droga-trafikoa egotzita

Leioako Udaltzaingoak drogen aurkako operazio bat amaitu du gaur, non hiru pertsona atxilotu dituen droga-trafikoa egotzita, eta materiala saltzen ari ziren taberna zigilatu du, Pinueta auzoan.

Leioako Udaltzaingoa hainbat hilabetez ikertzen aritu ostean, gaur amaitu da drogen aurkako polizia operazioa Pinueta auzoko taberna batetan. Hori zen atxilotuek bezeroen artean droga banatzeko erabiltzen zuten establezimendua.

Gaur amaitutako operazioan, udaltzainek hiru gizonezko atxilotu dituzte lokalean, ustez estupefazienteak saltzeko antolatuta zeudenak. Dirudienez, haietako bat establezimendua zaintzen ari zen bitartean, beste bat barraz arduratzen zen eta hirugarrena komunean zegoen, ustez, materiala bezeroei banatzeko.

Agenteek salmentarako prestatutako materialarekin harrapatu dituzte atxilotuak: 24 kokaina-paper, haxixa eta balantza bat. Atxilotuak Bilbon erroldatutako 34 urteko bi gizonezko eta Getxon erroldatutako 49 urteko beste bat dira, eta Leioako Udaltzaingoaren egoitzan daude, epailearen esku noiz jarriko zain. Ostalaritza-establezimendua ere zigilatu eta epailearen esku utzi dute.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude