SD Leioak puntu ona lortu du Real Sociedad Bren kontra

SD Leioak eta Errealaren filialak 0-0 berdindu dute Zubietan 2. B mailako II taldeari dagokion 12. jardunaldian. Leioaztarrek 13 puntu dituzte eta hiru partida kateatu dituzte galdu gabe, bi berdinketa eta garaipen bat eskuratuz.

Jon Ander Lambea entrenatzaileak Óscar García goleatzailearen baja eduki du, Bilbao Athleticen kontra bere bostgarren txartel horia ikusi eta partidu bateko zigorra bete behar izan duelako. Gainera, errotazioak egitea erabaki du aste honetako partidu pilaketa dela eta.

SD Leioak izan du partiduko lehen aukera. 6. minutuan Gotik erdiraketa ona egin du baina baloiak ez du errematatzailerik aurkitu. Jarraian, txuri-urdinek defentsan baloia galdu dute eta Nico Baleaniren ezkerkada atzelari batek bota du kornerrera gol marran bertan. Baina apurka-apurka Sansek berea egin du baloi jabetza eta gol aukerak egiten hasi da. Ordu erdira, Marquelanzek bi jaurtiketa arriskutsu egin ditu, baina SD Leioako defentsak lan ona egin du eta 0-0ekoa eraman du atsedenaldira.

Bigarren zatiko lehen minutuan Aitor Aspasek ezkerkada gogorra egin du area kanpotik eta Zubiaurre atezainak kornerrera bidali du baloia. Jarraian. Jaureguik langa gainetik bidali du area txikitik egindako jaurtiketa bat. 63. minutuan partiduko aukerarik argiena izan dute leioaztarrek. Eskuin hegaletik egindako erdiraketa bat langan jo zuen eta aldaratzea kanpora bota dute. Bost minutu geroago, berriz saiatu da Lean ezkerrez eta berriz bota du baloia kornerrera Zubiaurrek. 83. minutuan Óscar Pérezek bigarren txartel horia ikusi eta kaleratua izan da. Baloi jabetza Sanserena izan arren, leioaztarren defentsa apartak 0-0ekoa mantendu du azken unera arte, nahiz eta jokalari bat gutxiagorekin egon.

Horrela, SD Leioak 13 puntu ditu eta gainontzeko partiden emaitzen zai egon beharko da, baina dinamika onean dago hiru partidu kateatu baititu galdu gabe, gainera aurkari konplikatuen kontra (Bilbao Athletic, Sanse eta Logroñés). Real Sociedad B 4. sailkatua da 20 punturekin.

13. jardunaldiari dagokion partida igandean izango da, azaroak 5, CD Vitoriaren aurka, Sarriena futbol zelaian 18:00etatik aurrera. Lambeak Óscar Pérezen baja izango du baina Óscar García aurrelaria berreskuratuko du.


LABURREAN

Partidua: Real Sociedad B 0 – 0 SD Leioa

Txapelketa: 2. maila B-ren II. taldea

Hasierako hamaikakoak

Real Sociedad B: Zubiaurre, Álex U., Arrieta, Le Normand, Lapeña, Guevara (c), Calvillo (Muguruza), Gorostidi (Alejandro Sanz), Jauregui, Sáenz (Capilla) eta Merquelanz.

S.D. Leioa: Unai; Goti (Jorge), Luca Ferrone, Córdoba (c), Óscar Pérez, Morci; Lean (Alain), Nico Baleani, Iri, Aitor Aspas (Yosu Camporro); eta Yurrebaso.

Txartelak

Oscar Pérez-i bi txartel hori atera dizkio arbitroak, 83. minutuan kanporatua izanik.

 

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude