Zer berri? :: EOSen eta Robert Trevinoren «Ravel» diskoa

Maurice Ravel, Ziburun jaiotakoa eta mundu osoan interpretatua, Euskadiko Orkestrak bere bezala aldarrikatzen duen musikagilea da. Haren musikan murgildu nahi izan du hasieratik Robert Treviñok eta, denboraldiko kontzertu ugaritan eta Parisko Théâtre des Champs-Élyséesen orkestrak izan zuen estreinaldian protagonismo handiz zuzendu ondoren, Ravelen euskal nortasuna sakon aztertu nahi izan du, baita orkestra honek konpositore horren hizkuntzaz dakiena eta ulertzen duena munduarekin partekatu ere.

Trevinoren hitzetan, «Euskadiko Orkestrarentzako Ravelen disko oso bat grabatzea erronka handia da. Izan ere, errepertorioa oso-oso ezaguna da eta oso grabaketa onak egin dira. Interpretazio bikainak egin izan dira historian zehar. Beraz, (…) zergatik egin behar dugu? Bada, oso garrantzitsua iruditzen zait aitortzea Euskadiko Orkestrak lotura estua duela Maurice Ravelen musikarekin».

Lan-prozesu horren emaitza Ravel sinfonikoaren forman iritsi da orain, eta hitz hauekin deskribatu du Treviñok: «Ravelen musikan pasarte asko daude, bereziki euskaldun bezala atzeman ditzakezunak, bere musika osoak ezkutatzen dituen erritmo edo esamolde herrikoiak. Ravel Ipar Euskal Herriko euskalduna zen eta, nahiz eta bere musikan frantses kolore asko egon, euskal zintzotasuna eta determinazioa ere nabarmen igarri daitezke. Bere musikan murgildu gara eta konpositore magistral hau birpentsatu dugu, agian euskaldunak ez diren orkestrentzat hain nabarmenak ez diren egiak aurkituz. Esperientzia bikaina izan da».

Hau da Trevinok Ravel grabatzen duen lehen aldia, ez ordea orkestrak, bere fonoteka zabalean 2000 urtean orduko titular Gilbert Vargarekin eta Joaquin Achucarrorekin grabatutako Ravelen beste monografiko bat baitauka. Grabazio hark Ravelen pianorako bi kontzertuak erregistratu zituen pianista bilbotarraren eskutik eta baita Alborada del gracioso lana ere, zeina oraingo grabazioan berreskuratuko den La ValseBoléroRapsodie EspagnolePavane pour une infante défunte eta Une barque sur l’océanekin batera.

Grabazioa Kursaal Auditoriumean egin zuten pasa den urrian eta eszenatoki zabalari plataforma gehigarri bat gehitu zitzaion, Ravel sinfoniko handia interpretatu behar zuten 90 musika inguruk gaur egun indarrean dauden segurtasun-distantziak zorrotz manten zitzaten.

Plataforma handien bidez CD formatuan eta formatu digitalean aurkeztua, Ravel berri honek mundu osoan oso ezagunak diren lanen bilduma biltzen du. Beharbada horregatik, gaur egun Ravelen monografiko bat egitean bereziki zaila da arreta erakartzea, baina orkestrak eta zuzendariak grabazio honetan helarazi nahi izan duten begirada desberdin horretatik abiatuta, duela egun batzuk nazioartean kaleratutako diskoak merkatu honetako erreferentziazko plataforma handien arreta bereganatu du eta posizionamendu nabarmena lortu du.

Ondine Recordsi buruz

Ondine finlandiar diskoetxe ospetsuaren egikera du grabazio honek. Treviñok etxe diskografiko honekin urteroko grabazio hitzarmen bat sinatu du eta konpromiso horri duela hilabete batzuk eman zion hasiera Beethovenen sinfonien integrala grabatu zuenean Malmöko Orkestra Sinfonikoarekin (orkestra horren titularra ere bada Treviño). Orain, Ravel sinfonikoenaren eta hain ezagunak ez diren konpositore estatubatuarren grabazio bikoitzarekin hasi du bere ibilbide diskografikoa Euskadiko Orkestrarekin.

Ondine, Naxos taldearen parte dena, munduko diskoetxe independente prestigiotsuenetakoa da eta sarri egin ditu grabazioak Christoph Eschenbach, Vladimir Ashkenazy, Esa-Pekka Salonen eta Hannu Lintu bezalako zuzendari garrantzitsuekin.

«Ondinek soinez soin lan egiteko aukera eskaintzen duten artistak baino ez ditu hautatzen», dio diskoetxearen zuzendari fundatzaile Reijo Kiilunen-ek, «Artista gutxi batzuk bakarrik aukeratzen ditugu, ohiko errepertorioaren interpretazio ameslari eta irudimentsuak egiteko gaitasuna dutenak, baita obra musikal ezezagunagoak publiko aurrean ezagutzera emateko gogamen abenturazalea dutenak ere. Robert Treviñok zalantzarik gabe baldintza horiek betetzen ditu, botere musikal handiko zuzendaria baita eta jakin-min handiko adimen originala baitauka».

Reijo Kiilunenek jarraitzen du esanez: «Robert Treviñok eta Euskadiko Orkestrak oso ikuspegi berezko eta bereizgarria dute eta soinu bikaina. Zuzendari estatubatuarrak orkestra euskal jeinu honen musikan barrena gidatzearen ideia bikaina iruditu zitzaidan. Lehen disko honek modu zoragarrian erakusten du Treviñoren batutapean orkestrak zeinen ondo interpretatzen duen Maurice Ravelen musika. Hasierako nazioarteko erantzuna bikaina izan da eta kritika oso onak espero direla uste dut. Orkestrari eta Treviñori zorionak eman nahi dizkiet hasiera zirraragarri honengatik eta hurrengo grabazioak gogo handiz espero ditut».

Robert Trevino I Argazkia: Scherzo

Laburrean

Izenburua  Ravel

Egileak  Euskadiko Orkestra, Robert Treviño

Diskoetxea  Ondine

Formatua  CD / MP3

Hizkuntza  Bat ere ez

Argitalpen-urtea  2021

Lizentzia  Copyright

Edukia
1. La Valse (12:15)
2. Alborada del gracioso (7:50)
3. Rapsodie espagnole (16:38)
4. Une barque sur l’océan (8:44)
5. Pavane pour une infante (7:13)
6. Bolero (15:27)

Info + 

Diskoa eskuratzeko  Diskoetxeetan CD formatoan I Spotify, Apple Music, iTunes eta antzekoetan formato  digitalean

A las redes

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *