«Euskal herritarrok herri izaera erakutsi diogula nazioarte osoari» dio Gure Eskuk

Gure Eskuk esana zuen Tourra Euskal Herritik igarotzean ikurrinez osatutako olatu bat sortzeko asmoa zuela; esan eta egin. Ikurrinaren bidez, behin eta berriro, han eta hemen agertu dute euskaldunek herri sentimendua. Ekimena ez da bukatu, asteazkenean Zuberotik pasatuko delako lasterketa.

Nabarmena da egunotan Tourra bertan izan dugula. Asteazkenean Zuberoan egingo du kuku txiki bat. Gure Eskuk ikurrin olatu erraldoi bat osatu du ikurrinez, nazioarteko erakusleiho aparta baita lasterketa eta kirolaz harago, bestelako mezuak zabaltzeko aukera ematen baitu. Ekimenaren balantze ezin hobea egin du Josu Etxaburu mugimenduaren bozeramaileak: «Euskal herritarrok harrotasuna erakutsi dugu, herri izaera. Burujabetza osoa lortze bidean herri sentimendu hori islatu behar dugu, eta hori da plazaratu duguna, hori da nazioarte osoari erakutsi dioguna, ikurrinen bidez. Hunkigarria izan da leku guztietan bizi izan duguna», adierazi du Donostiako Alderdi Ederren egin duen balorazioan.

Eskerrak eman dizkie euskal herritarrei egindako lan eskergagatik. «Erakusteko gai izan gara. Hasieran esan genuen gure asmoa ikurrina olatu bat sortzea zela; esan eta egin, burutu dugu, eta ikurrina izan da behin eta berriro, han eta hemen agertu den ikurra».

Lanean jarraitu beharra

Etxaburuk azpimarratu duenez, burujabetza osoaren bidean tarteko helmugak baino ez dira hauek, eta lanean jarraitu beharra dago, «pedalkadaz pedalkada herri honek bere etorkizuna libre erabaki dezan eta burujabetza osoa lortu dezan».

Gure Eskuren ikurrinen ekimena ez zen astelehenean amaitu, asteazkenean bukatuko da; izan ere, Zuberoko herri batzuetatik pasatuko da Tourra eta bertan izanen dira, «Euskal Herria zazpi lurraldeko herria dela eta bere etorkizun politikoa erabaki nahi duela aldarrikatzen».

A las redes

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *