Sortuk eta Ernaik irailaren 27ko mobilizazioak iragarri dituzte 

Mobilizazioetan, atzoko memoria, gaurko borroka eta biharko garaipena aldarrikatuko ditu Sortuk I Hilaren 25ean nazio-ekitaldi bat egingo du Tolosako Leidor aretoan

Irailaren 27a «momentu berezia» dela ezker abertzaleko komunitatearentzat adierazi du Sortuk, egon horren inguruan antolatu dituen ekimenak iragartzeko agerraldian. Hain zuzen. 1975eko irailaren 27an Frankoren erregimenak agindutako azken herio-kondenak gauzatu zituen eta, ETA-ko kide ziren Jon Paredes Manot “Txiki” eta Angel Otaegi fusilatu zituzten.

«Urtez urte, mugimendu politiko gisa, Euskal Herriarekin dugun konpromisoa oroitu eta berresteko baliatu dugu egun berezi hau. Baita, euskal jendartearekin testuinguruaz egiten dugun irakurketa partekatzeko», adierazi du Sorturen Kizkitza Gil de San Vicente eledunak.

2022ko irailaren 27a, testuingurua eta mobilizazioak

Irailaren 25ean, nazio-ekitaldia egingo dute Tolosan, Leidor antzokian, 12:00etan, «Nehork ez dio Eguri itxaropena kenduko» lelopean. Eta irailaren 27an bertan, Sortuk hainbat ekitaldi eta mobilizazio antolatu ditu «Independentziareako indarra» lelopean. Horien artean nabarmendu ditu Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Bilbon egingo direnak, arratsaldeko 19:00etan hastig. Herrietan eta zenbait lekutan eskualdeko mobilizazioak ere antolatuko ditu Sortuk.

Mobilizazio horiek krisi testuinguru larri batean kokatu zituen Sortuk. «Horregatik beharrezkoa ikusi dugu oroitzea, Txiki eta Otaegi fusilatu zituzten garaian, Euskal Herria hipotesi bat zela eta egun, harrokeriarik gabe, Euskal Herria errealitate kultural, ekonomiko eta politiko aitortua dela». Hala ere, egun «saluespeneko testuinguru historikoan» bizi garela adierazi du Sortuk: «Kapitalismoaren garapen-ereduak bizitza kolokan jarri du eta krisi energetikoak orain arte ezagutu dugun antolakuntza ekonomiko, politiko eta sozialaren eraldaketa ekarri du».

Sorturen ustetan «zibilizazio eredu berri bateranzko igarobidean gaudela ulertu behar dugu eta pultsu baten erdian ematen da: pultsu territoriala, pultsu demokratikoa, pultsu ekonomikoa (norantz goazen, ze abiaduratan, ze sakontasunez), pultsu soziala, (nork ordainduko dituen kostuak)».

Horren aurrean «independentismoa eta eraldaketa sozial eta politikoa nahi dugun sektoreok lidergoa hartu behar dugu», adierazi du Sortuk. Horrekin batera, «Euskal Herriak Estatua izateko ibilbidea azkartu behar du; herri gisa egituratu, kohesionatu eta boteretu behar dugu». Sorturen aburuz «burujabetza ez da aukera bat. Burujabetza bitartekoa da, ekonomia arautu, aberastasuna banatu eta eraldaketa sozialean sakonduko duen sektore publiko indartsu bat izateko» adierazi zuen Gil de San Vicente.

Gil de San Vicentek ezker abertzalea «garai historiko honek eskatzen duen anbizioarekin eta konpromisoarekin» arituko dela esan du. «Balore eta konpromiso hauek oroitu eta berretsiko ditugu irailaren 25eko nazio ekitaldian. Balore, anbizio eta konpromiso hau ikustaraziko ditugu irailaren 27an burutuko diren mobilizazio ezberdinetan». Hori dela eta, «ezker abertzalearen komunitatea osatzen duten kideak ekitaldi hauetan parte hartzera» deitu ditu.

Gazte ikuspuntua

Ane Alavak, Ernai antolakundeko bozeramaileak, irailaren 27ak gazte ikuspegitik duen baloreaz hitz egin du. “Guk, Ernaitik, gazteriari deialdi berezia egin nahi diogu ekitaldian zein mobilizazioetan parte hartzeko”, adierazi du.

Ernaiko bozeramailearen esanetan, “etenik izan ez duen atzoko borrokaren memoria eraikitzeko ezinbestekoa baita gaurko gazteon lana. Beste testuinguru batean, beste garai batean kokatzen bagara ere orain dela 50 urteko proiektu politiko bera baitugu zerumugatzat: Euskal Herri askea”.

“Zibilizazio krisia aipatu dugu, mundua hankaz gora dago, eta Euskal Herriak ez du behar besteko burujabetzarik herri gisa aurre egiteko. Horri belaunaldi krisia ere gehitu behar diogu, espektatibarik gabe eta prekarietatera kondenatuta nahi gaituzte, isilik eta otzan”, esan du Alavak.

Ernairen bozeramailearen aburuz “herri honek badu etorkizunik, badago alternatiba eta borrokan jarraitzea da. Gure aurrekoen akats eta garaipenetatik ikasiz, milaka gazte konprometituk lanean jarraitzen dugu, Euskal Herriaren askapen nazionala eta soziala lortzeko borrokan”.

A las redes

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *