Ernaik ‘belaunaldien arteko argazkia eta poteoa’ antolatu du

Ernai gazte antolakundeak ezker abertzalearen gazte erakundearen sortu zeneko 40. urteurrena ari da ospatzen.

Horren barruan, bihar, ezker abertzalearen gazte antolakunde ezberdinetan militatu dutenen argazkia eta poteoa antolatu du gaurko.

«Belaunaldien arteko argazkia» Plaza Gorrian egingo dute, 20:30etan, euskal preso eta iheslari politikoen aldeko konzentrazioaren ostean.

Horren ostean poteoa egingo dute herriko erdialdean dauden zenbait plaza eta tabernetan zehar.

«Bulkada berrien garaia»

Leitzan aurkeztu zuten agerraldi masiboan Ernaik aurrera eraman nahi zuen dinamika hau. «Bulkada berrien garaia da!» dinamika «mugen gainetik ipar eta hego Euskal Herriko gazteok martxan jarritako dinamika da. Mugak ezarri nahi dizkiguten bi estatuen gainetik hemen gaude, Herri oso bateko gazteria. Denok bat eginda, etsaiaren mugen gainetik antolatzen eta borrokatzen ikasi dugulako» adierazi zuten orduan. «Egun, inoiz baino gehiago bulkada berrien garaia dela diogu. Euskal Herriak behar du bultzada, behar ditu bulkadak, bulkada berriak. Gure bizkar atzean begiztatu daitekeen ondare politikoa gure egin eta gazte antolakuntzaren baitan Herri honen aldeko konpromisoa gure egin dugun gazteak gara» esan zuten 1000 lagun bilu zituen agerraldiaren bozeramaileek.

Aurkezpenean ezagutzera eman zutenez, «dinamika, herriz herri eta auzoz auzo lau haizetara zabaltzen gabiltza jadanik. Gazte borrokan ibilitako belaunaldi ezberdinen arteko zubiak eraiki eta indartuz, gazte belaunaldi berriei antolakuntza eta borrokarako espazio berriak irekitzeko asmoz ekin dugu ikasturte berria». Horretaz gain, «aspalditik hasiak gara gazte antolakuntzaren memoria jasoko duen liburua idazten. Liburuan 40 urteetako historia eta bizipen ezberdinak jaso ditugu. Unean une izandako eztabaidak, hausnarketak, bulkadak… askotariko gertakariekin batera. Gainera, herri eta auzo bakoitzak bere liburu propioa ere idatziko du, gazte borrokaren memoria bete-betean eta lehenengo pertsonan gorde dezan» azaldu zuten. Eta bide batez «apirilaren 19, 20, 21 eta 22an Gazte Topagune erraldoi bat antolatzeko lanetan gabiltzala» ezagutarazi zuten.

Ezker abertzalearen gazteen arabera, «Herri sumiso eta isil bat nahi dute. Baina iluntasunaren artetik, badator esperantzaren egunsentia. Mugimendu feminista, pentsionisten borrokaldiak, erabakitzeko eskubidearen aldeko herri ekimenak, espazio autogestionatuen aldeko defentsan, hezkuntza sistema arrotzei planto eginez, espaloitik jaisten ez den euskararen herria… Euskal Herria bere oraina eraikitzen, defendatzen eta borrokatzen ari da kalean. Bizirik. Euskal Errepublika Sozialista eta Feministaren zimenduak egunero ari dira eraikiak izaten; horrela soilik lortuko baitugu etorkizun askea»

Gazteek «gure oraina ez dezagun galdu, hau baita gurea den garai bakarra» aldarrikatu zuten, «etorkizuna ez baita inorena; oraina, ordea, borrokan irabazten duenarena da. 40 urte luzeren oraina gara. Moztu nahi izan zuten lorearen aurrean, ernaldutako udaberria. Anitza eta kolektiboa. Gaztea eta errebeldea. Bizirik gaude, bagoaz eta bagatoz. Euskal Herri sozialista eta feminista lortu arteko konpromisoan berresten gara» adierazi zuten. «Bulkada berrien garaia da. Antolakuntza eta borrokaz, gazteok Ernai gaude, Aitzina goaz», berretsi zuten ezker abertzaleko belaunaldiko neska eta mutil gazteek.

A las redes

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *