Modus Operandi taldea bezalako zerbait aspaldidanik zegoen Iñaki Ortiz de Villalba kantariaren buruan. Betagarri taldean zegoenean ere bazuen balizko bakarkako musika proposamena, inoiz ez zena gauzatu. Eta oraindik gauzatu ez diren beste ideia batzuk ere bai. Baina Iñaki «Beta»-k argi izan du beste talde bat antolatu nahi zuela. 2017ko uztailean Andoni «Matxain»-i (Lauroba) helarazi zizkionean kanten kezkak, taldearen egituraketa hasi zen. Vendetta taldeko Enrikko Rubiñosi eta Ruben Antoni belarria berotu ondoren sanferminetan, Iñaki «Beta»-k talde berriaren sorkuntza aldarrika zezakeen. Julen Barandi (Izaro) eta Gonzalo Fernandez de Larrinoa (The Hot Wok) izan ziren taldera iristen azkenak. Odisea bat izan zen izen egokia aurkitzea. Izena jarri baino lehenago zeuden abestiak bukatuta eta estudiora sartzeko. Gonzalok diskoa grabatu eta taldea utzi zuen. Zein da Modus Operandi taldearen estrategia? Ska eta rocka jai giroarekin eta engaiamenduarekin nahasi eta musikaren oreka bilatu zuzenekoetan.
Modus Operandi taldearen diskoak izenburu berbera hartu du. «Zatoz gugaz» kantak ematen dio hasiera diskoari, eta lehen 15 segundoetan taldeak argi uzten du bere musika irizpidea nondik doan. Bateria, gitarra, tronpeta eta tronboiaren jokoak lehen proposamena helarazten dio entzuleari: zatoz gurekin eta sartu gure zirimolan. Eta diskoak barrika beretik edaten emango dio jarraitzaileari. Dantza, festa eta letra konprometituak bere inguruarekin. Modus Operandi taldearen modus operandiaren gakoa hor dago. Modus Operandi ska melodiko nahasketa anizkoitzaren ondorioa da. Ska melodiko azkarra pausatuagoarekin, rock indartsua amultsuarekin, brit-ska, Balkanetako musika ziztu euforikoan, soularen ukituak, reggaearen arima. Disko bizi eta dantzagarria. Disko konprometitu eta hausnartzailea. Disko alaia eta bizipozaren lanbroarekin atondua.
Laburrean
Egilea Modus Operandi
Diskoetxea Baga Biga Musika Ideiak
Zenbatekoa 10 €
Formatua CD / MP3
Hizkuntza Euskara
Argitalpen-urtea 2018
Lizentzia Copyrigh
Abestiak
1. Zatoz gugaz (3:11)
2. Gora gure bihotzak (3:48)
3. Ezetz ez da!! (2:40)
4. Cantaré (3:57)
5. Memoriaren zeruan (3:15)
6. Esperantzaz jantzita (3:11)
7. La revolta dels somriures» (3:26)
8. Ibiltzean (4:00)
9. Gure esku (2:48)
10. You’ll Always Be My Love (2:38)