597 hildako dira honez gero Euskal Herrian COVID-19k eragindakoak

Lurraldeka, hauexek dira datu esanguratsuenak: Araban, 2.447 positibo egon dira orain arte, eta horietatik 313 ospitaletan daude; Bizkaian 4.024 bizilagun dira, guztira, 1.193 ospitaletan; Gipuzkoan 1.356 dira diagnostikatuak orain arte, 335 pertsona ospitaletan egonik; eta, Nafarroan, 2.836 daude kutsatutakoak orain arte, horietako 711 ospitalizaturik daudela egun.

Atzo, 505 kutsatu berri diagnostikatu ziren EAEn. Grafikoa: E.J.

Leioari dagokionez, 5 kasu berri izan ziren atzo; hortaz 131 biztanle daude guztira kutsatuta. Udalerriaren erdialdean kokatutako Osasun Zentroan 89 pertsona izan dira kutsatuak, tasa 382,3koa izanik; Areetako Osasun Zenroan, aitzitik, 133 bizilagun dira koronabirusak kutsatutakoak, tasa 395,6koa izanik.

131 dira honez gero Leioan kutsatutakoak. Grafikoa: leihoa.info

Bestalde, EAEko Osasun Saileko Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendari Mikel Sánchezek adierazi duenez, orain arte 19.627 detekzio-proba egin dira orain arte; atzo egindakoen %32ak soilik eman zuen positibo.

Sánchezek hildakoen kopuru altua pandemia honen alderdirik ilunena dela adierazi du. Hala ere, “ikuspuntu epidemiologikotik, egonkortze egoera batean” gaudela esan du, “kutsatuen kopurua hazi egin bada, proben kopuruak ere nabarmen gora egin duelako” izan baita. Atzo proba gehien egindako eguna izan zen, 1.576 burututa. Egindakoen %32ak soilik eman zuen positibo. Bestalde, Osasun Sailaren arduradunak nabaarmendu duenez “ZIUetako egoera egonkortu da eta ospitalizazioen kopuruak behera egin du”. Eta, “beste egun batez, handitu egin da alta jaso eta osatu diren pertsonen kopurua”.

Nolanahi ere, Sanchezek argi utzi nahi izan du ez dela oraingoa triunfalismorako unea, kontu handiz jardun eta erne jarraitzeko garaia baizik.

Behean ikus daitezke Euskal Herriko egoeraren datu esanguratsuenen laburpena.

Euskal Herriko egoeraren laburpena
 03-04-2020ko eguneratzea Positibo kasu berriak Ospitalizaturiko pertsonak Hildakoak Kasu positiboak guztira PI
ARABA 89 313 176 2.447
BIZKAIA 348 1.193 205 4.024
GIPUZKOA 68 335 63 1.356
EAE 505 1.841 444 7.827 357,7
NAFARROA 154 711 151 2.836 348,2
IEH 2
EUSKAL HERRIA 659 2.552 597 10.663
PT: Pilatutako Tasa (Pilatutako kasuak 100.000 biztanleko).
IEH: Orain arte ezagutzen den datu bakarra izandako bi hildakoena da.
Iturria: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua leihoa.info
Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude