Manifestazioa Lamiakon metroa lurrazpikoa izan zedin eskatzeko

Argazki zaharrak I Idoia López, leihoa.info

Argazki zaharren gure sailean gaurkoan dakarkizueguna aspaldikoa da. Orduan Eduardo Earle kalea zen egun Langileria kalea deitzen den auzoko kale nagusitik manifestazio zinez jendetsua ari zen igarotzen; burua trenbide-pasabideko barrerak pasatzen hasiak ziren eta atzetik ehunka lagun, gizon eta emakume, adin guztietakoak.

Trantsizio garaiak ziren, aldarrikapen handiko urteak. Zer eskatzen ari ziren manifestari guzti horiek? Trena metro bilakatzea, eta Lamiakotik lurrazpiko ibilbidea egin zezala. Ez zen azken manifestazioa izan horren harira Lamiakon, baina bai jendetsuenetako bat.

Gerora beste hainbat etorriko ziren. Areetan metroa lurrazpitik igarotzea lortu zen, baita Algortatik edota Erandiotik ere. Beste hainbatetatik, aitzitik, ez zen lortu lur azpitik joan zedila orduan proiektua zen metroa: Astrabudua, Leioa, Lamiako, Andra Mari, Urduliz…

Urteak pasatu dira harrez geroztik, Getxoko Andra Maritik metroa lurrazpitik igarotzeko lanak burutu dira, eta Urdulizeko lur azpiko geltokia eta igarobidea duela ez asko inauguratu dira. Lamiakon, baina, berdin-berdin jarraitzen dugu. Udal gobernu bat etorri, hurrengoa heldu… berdin da, gauzak ez dira (ez dituzte) mugitu. Ez mugitzeagatik, ez da ezta Txopoetatik hurbilen dagoen Lamiakoko Metro Geltokiaren atea zabaltzeko lanik hartu. Lan gehiegi ala borondate gutxiegi?

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude