Zer berri? :: “Nazionalismoa eta Kultura”, Pruden Gartziaren liburua

“Badira bi urte lagun on batek iradoki zidala liburu berri bat argitaratzea han eta hemen sakabanatuta ditudan testuekin bilduma bat osatuz. Eskertu nion oharra, baina urtebetean lanpetuta ibili nintzen beste hamaika beharlekutan eta ezin izan nuen ezer egin. Duela hilabete batzuk, ordea, berriz ere heldu nion gaiari eta oinarrizko aurkibide bat osatu nuen. Testuak biltzeko orduan, jakina, guztien kopia digitalak eskuratzea eta formatu bakarrera pasatzea zen lehen erronka. Egin ahala ideiak argituz joan ziren, hasierako aurkibideari beste bizpahiru testu gehitu nizkion eta liburuaren taxua berez nabarmendu zitzaidan buruan. Emaitza esku artean duzuena da.

Lau ataletan banatu dut liburua, testuen gaien arabera. Laurak daude estuki lotuak elkarren artean, zeren era berean gai beraren sail desberdinak dira. Gai nagusi hori, jakina, nazionalismoa da, edo abertzaletasuna beste batzuk esango luketen bezala. Gauza bera ote da hitz bien bidez adierazten dena? Bai eta ez. Zalantzak izan ditut liburu honen izenburuan bata ala bestea paratzeko orduan; azkenean, edonorakoena jarri dut, hots, gure artean (hemendik kanpo ez bezala) adierarik zabalena eta ez-markatuena duena. Kasu, hala ere! Liburu honetan ez naiz batere arduratzen esplikatzen zer den nazionalismoa; bestelakoa da nire asmoa, ordea: nazionalismo zehatz hau, hori edo hura nolakoa den zehaztea. Hori da, dudarik gabe, liburu honen gakoa”.

Pruden Gartzia

Pruden Gartzia (Oñati, 1964) euskaltzain urgazlea da eta Filosofia eta Letretan doktorea. Lanbidez, Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka eta Artxiboko zuzendaria da. Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) eta Joana Albret Bibliotekomania Mintegiko kidea da. Gaztetatik saiatu da euskal kulturaren alde ekarpenak egiten, suertatu den leku guztietan. Ondoko liburuen egilea da: La España metafísica: lectura crítica del pensamiento de Ramón Menéndez Pidal (1891-1936) (Euskaltzaindia, 2004), Lazarraga, Ernazimentua euskaraz (Pamiela, 2005) eta Nafarroako auziaz (Elkar, 2015).


Laburrean

Izenburua  Nazionalismoa eta kultura. Entseguak eta iruzkinak Euskal Herriaren alde

Egilea  Pruden Gartzia

Argitaletxea UEU eta EHU 

Zenbatekoa  18,00 €

Hizkuntza  Euskara

Orri-kopurua  176

Argitalpen-urtea  2020

Lizentzia  Copyright

ISBN  978-84-120944-7-3

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude