EH Bilduk “hizkuntzaren biziberritzeko konpromisoa eguneratu eta indartu behar dugula” dio

“Euskararen herria gara, zazpi lurraldetan zehar euskaratik eta euskaraz bizi garen XXI. mendeko hizkuntza komunitatea. Biziraupena gaindituz erronka handiak ditugu osasuntsu, moderno, eraginkor eta indartsu garatzen joateko”, adierazi du EH Bildu Leioak

Ezkerreko talde subiranisten ustez “haize berriek ekarritako erronka berriak ditugu gurean, euskal jendartea urte hauetan zehar aldatu baita; horregatik behar eta egoera berriei erantzun ez ezik, hauei erantzuteko estrategiak aktibatu beharrean gaude: izan teknologia berrien zein adimen artifizialaren erronkei erantzuteko, gure gizartearen errealitate eta behar berriei egokitzerakoan, edota mugimendu migratorioen erronkei erantzuteko unean ere”.

Eguzkiñe Agirrek eta Naiara Goirienak zabaldutako mezuan gogora ekarri dute atzo aurtengo Euskaraldiak bere bidea bukatu zuela eta EH Bildu Leioako militanteek “bat egin dugula ekimenarekin, aktore nagusiak herritarrak diren neurrian, eta elkarte zein erakundeen aldetik jaso zituen atxikimenduarekin bat eginez”, eta “gaur Euskararen Eguna denez berriro erakutsi nahi dugu publikoki gure konpromisoa euskararekiko”.

Horregatik guztiagatik, aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunari begira “euskararen hiztun ekosistema osatzen dugun guztiok, hizkuntzaren biziberritzeko konpromisoa eguneratu eta indartu behar dugu”. Ildo horretatik Agirrek eta Goirienak adierazi dute “euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatuak eta euren osotasunean garatuak izan daitezen, eragile guztiok ahaleginak eta bi egin behar dugu, konpromiso zehatzak hartuz, egungo eta etorkizuneko erronkei zintzoki erantzuteko”.

Eta hitzetatik ekintzetara egiten, datorren urteko aurrekontuetan txertatzeko aurkeztu dituzten proposamenen berri eman nahi izan dute EH Bildu Leioako kideek. Haien artean nabarmendu dituzte euskara kirol arloko ekimen guztietan txertatzeko 20.000 euro bideratzea; euskara sustatzeko, egokitutako dirua gehi 5.000 euro gehiago erabiltzea; euskal kultura bultzatzeko programan beste 5.000 euro gehiago bideratzea; eta euskararen erabilera sustatzeko dirulaguntzak 2.000 euro gehiagorekin hornitzea.

Beraz EH Bildu Leioak , 2022ko Euskararen Nazioarteko Egun honetan “gutako bakoitzak, gure eragin eremutik, elkarlanean, eraginkortasunean, adostasunean, euskararen herri izaera indartu, berritu eta biziberritzeko konpromisoa” hartzera deitu du.


EH Bilduren bideoa Euskararen Egunean

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude