‘El pueblo unido’ euskaraz, LAB eta Andreina Jolinen eskutik, Maiatzaren Lehenean

Aurtengo Maiatzaren Lehena dela eta, Sergio Ortega musikariak eta Quilapayún bandak egindako ‘El pueblo unido jamás será vencido’ kantaren letra euskaratu du LABek, eta Iruñeko Andreina Jolin taldeak musikatu du.

Aurtengo Maiatzaren Lehenaren karietara, Sergio Ortega musikariak eta Quilapayún bandak duela ia mende erdi eginiko eta zabalduriko ‘El pueblo unido jamás será vencido’ kanta euskaratzen ausartu da LAB sindikatua, eta Andreina Jolin Iruñeko musika taldeari eskatu dio emakume doinua paratzeko.

«Txileko kantak aipatzen duen ‘herria’ ez da, noski, Euskal Herria; 1973. urtea 2021 ez den bezalaxe. Hartara, kantuak Txileko lurrak aipatzen dituen tokian euskal lurraldeei egin zaie erreferentzia. Eta batean zein bertzean, herriaren batasun gogoa aldarrikatzen du kantak, ikuspegi itxaropentsu, garaipenezko eta, agian, xaloegi batekin. Baina ez da ahazten ahal borrokarako kantu bat dela, iraultzaileak martxan jarri nahi dituena; langileak adorez, maitasunez eta elkartasunez bete nahi dituena», azaldu du sindikatuak.

Eta, begirada horrekin, LABek pentsatu du kantu honen euskarazko bertsioak bazuela tokia langile klasearen batasunaren aldeko eta Euskal Herriaren batasunaren aldeko borroken kantutegian, edonork edonon edonoiz erabil dezan. Ikusteko dago kantak bere bidea eginen ote duen, ea benetan loratuko den. Baina, bederen, dagoeneko hemen dugu, borrokan bidaide.


Herria, batua, inoiz ez garaitua kantaren bideoklipa

Kantaren hitzak:

Herria, batua, inoiz ez garaitua
Zutik, kanta, garaitzera goaz.
Hemen dira batasun banderak.
Ta zu, zatoz, gurekin batera,
ikusiko kantua ta indarrak loratzen.
Gorri da ekiaren goiza,
igarri du datorren bizitza.

Zutik, altxa, herria aurrera.
Hobea da iritsiko dena,
gure poza konkistatua da
ta mila ahots oldartuko dira,
ozen erran dute askatasun kanta,
laster dator gure garaipena.

Ta oraintxe herriak,
borrokan altxatuak,
garrasi egin du:
‘Aurrera, eta batu!’.

Herria, batua, inoiz ez garaitua. [bis]

Herria ari da batasuna sortzen
nafar baratzetik ipar trenbidera,
sortaldeko borda argitsutik
sartaldeko fabrika ilunera,
lanean gabiltza, herria badabil,
pausoz pauso geroa du ekarri.

Zutik, altxa, herria aurrera.
Borroka da guztion egia.
Harrizkoa, langile multzoa,
justizia da bere animoa.
Adore, maitasun ta elkartasunez
hemen zaude, borrokan bidaide.

Ta oraintxe herriak,
borrokan altxatuak,
garrasi egin du:
‘Aurrera, eta batu!’.

Herria, batua, inoiz ez garaitua. [bis]

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude