Haurreskoletan greba deitu dute sindikatuek biharko eta asteazkenerako

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek Haurreskolak Partzuergoan greba eta mobilizazioak deitu dituzte hilaren 25 eta 27an 

LAB, Steilas eta ELA sindikatuek greba eta mobilizazioak deitu dituzte bihar, urtarrilak 25, eta etzidamu, urtarrilak 27, Haurreskolak Partzuergoaren Haur Eskoletan. Sindikatuek adierazi dutenez, Partzuergoaren eta Hezkuntza Sailaren negoziatzeko borondate ezak “langileen lan baldintzak okertu ditu” eta, bide batez, “Partzuergoa bera arriskuan” jarri dute hartutako  aldebakarreko erabaki politikoekin.

Hiru sindikatuek Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari Haurreskolen etorkizunaren inguruan “garbi hitz egin dezala” eskatu diote. Abenduaren 10 eta 16ko greba eta mobilizazioen ondoren, abenduaren 22an bildu ziren Haurreskoletan ordezkaritza duten hiru sindikatuek Partzuergoaren ordezkariekin, baina egindako bileratik haurreskolen etorkizunaren gainean zituzten “zalantza eta kezka larriagoekin” atera ziren. Sindikatuek esan dutenez, aipatu bileran, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren hainbat ordezkarik hartu zuen parte lehenbiziko aldiz. Bileran, Hezkuntza Sailak eta Partzuergoak “inposatutako gai ordena” jorratu zuten, sindikatuek aldez aurretik eskatutako puntuak baztertu zituztelarik.

LAB, Steilas eta ELAk salatu dutenez, Partzuergoaren asmoa “kudeaketaz arduratzen diren langileen aurreakordioa aldebakarrez berriskustea da”. Sindikatuek duela urtebete sinatutako aurreakordioa ez dela oraindik bete salatu dute. Horrela, Hezkuntza Sailak Partzuergoaren Zuzendaritza Batzorde desberdinek eta alde sozialak  “Partzuergoaren sorreratik egindako lana zalantzan jartzen dute”, haien iritziz.

Haurreskolak borrokan, haurreskolak salgai, langileen salaketa I Irudia: LAB, Steilas eta ELA sindikatuak

Haurreskolen Partzuergoaren etorikizunarekin kezkatuta

Bestalde, abenduaren 22ko bileran Hezkuntza Sailaren eta Partzuergoaren arduradunek Partzuergoaren etorkizunaren gainean egindako adierazpenekin “izugarri” kezkatuta geratu ziren hiru sindikatuak, besteak beste, “haurreskola txikien biziraupena zalantzan” jarri zutelako. Horren aurrean, LAB, Steilas eta ELA sindikatuek Partzuergoan dagoen “enpleguaren behin-behinekotasun tasa jaisteko lanpostuak egonkortuko dituen kontsolidazioa prozesua behar dugula” erantzun diete Partzuergoaren eta Eusko Jaurlaritzaren mandatariei. Era berean, Partzuergoaren etorkizuna Hezkuntza Sailean integratzetik eta haurreskolen doakotasuna bermatzetik pasatzen dela adierazi dute.

Greba eta mobilizazio egun bi gehiago

Egoera horri aurre egiteko, LAB, Steilas eta ELA sindikatuek biharko, urtarrilak 25, eta etzidamurako, hilak 27, bi greba eta mobilizazio egun berri deitu dituzte.

Biharkoan, mobilizazioak burutuko dituzte hiriburuetan. Bizkaian, Bilbon dute jarrita hitzordua, goizeko 11:30ean Arriaga Plazan.  Asteazkenekoan, Eusko Jaurlaritzaren bulegoak dauden Lakua auzoan kontzentratzeko deia luzatu dute, hau ere goizeko 11:30ean.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude