Herri Azoka eta euskal kirolak bihar herriaren erdialdean, Gure Esku Dago Leioak antolatuta

Bihar, hilak 28, Gure Esku Dago Leioak egun osoan zeharreko ekitaldiak antolatu ditu Leioako erdialdean, Azaroaren 5eko herri-galdeketa ezagutarazteko kanpainaren barruan.

Goiz osoan zehar puzgarriak egongo dira eta Herri Azoka bat burutko da Boukevard-ean. Horretaz gain, 11:00etataik aurrera, Sakoneta kiroldegian Herri Kirolak egongo dira, Getxo eta Goiherriren arteko lehia ikusgarriaz gozatzeko parada izango dutelarik hurbilduko diren herritarrek. Trontza, harri jasotzea, lasto altxatzea eta sokatira probak ikusi ahal izango dira.

Poteo orduan,  13:30etatik aurrera, Anton Latxa&Lagunak taldea arituko da musika jotzen erdialdeko kaleetan zehar.

Eta arratsaldean, berriro ere Sakoneta Kiroldegian, pala eta eskupilota partiduak ikusteko aukera egongo da. 17:30etatik 18:30etara, nesken pala partidua jokatuko da: Aresti-Kanpo Artetxe bikotea Uribe-De Goñiren aurka arituko dira. Horren ostean, mutilen eskupilota partiduen txanda helduko da, Amaima-Inoriza Garaita-Landaren aurka jokatuz. Bukatzeko, 19:15etatik 20:00etara, pala partidu mistoa jokatuko da, honako partaide hauekin: Olatza Gernika (pilotaria), Zigor Iturrieta (ETB 1en sukaldaria), Imanol Agirre (pelotari ohia) eta Iratxe Ibarra (bertsolaria). Aurkezle lanetan Txurru arituko da.

Gainera, parte hartzaileen artean Otxandioko Koikili aterpetxean 2 lagunentzako gau bateko egonaldia gosariarekin zozketatuko da.

Jai honen bitartez, aurrera jarraitzen du Gure Esku Dago Leioa ekimenak antolatutako herri galdeketa ezagutzeko eta parte hartzera herrritarrak animatzeko kanpainak. Galdeketan parte hartuko duten laioaztarrek honako galdera hau erantzun beharko dute: “Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?”.

Bozka aurreratua

Gainera, aurrera jarraitzen dute bozka aurreratuaren bilketarekin. Honez gero, bi egun gehiagotan baino ezin izango da bozka aurreratua eman. Lehenengo eguna, larunbatean bertan izango da, Herri Azoka eta euskal kirolen jaiaren testuinguruan. Horrela, 12:00etatik 15:00etara karpa Boulevard-ean egongo da jarrita, eta arratsaldez Sakoneta kiroldegiaren aurrean kokatuko da, 18:00etatik 20:30etara bitratean. Azkenik, hurrengo asteko ostegunean, hilak 2, Gure Esku Dago Leioaren lokalean (Sabino Arana 65. zenbakian) izango da azken aukera, goizez 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 18:00etatik 20:30etara.

Antolatzaileek herritarrak gonbidatu nahi dituzte Azaroaren 5ean, arrazoi ezberdinak direla medio, bozka ematerik izango ez dutenak azken 2 egun hauek baliatzea bozka aurreratu emateko. Eta, bide batez, azaroaren 5ean, herri galdeketan bozka ematera joateko deia luzatu dute.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude