Sortu :: Aberri Egunean Euskal herritarrei

Sortu
Aberri Eguna gure herriak dituen erronkei ekiteko burujabe izan nahi duen komunitatea garela aldarrikatzeko unea ere bada, independentzia aldarrikatzeko eguna.

Gaurkoa ospakizun eguna dugu eta aldarrikapen eguna dugu. Nazio bat garela ospatuko dugu. Baina aldarrikapen kutsua ere izango du ohi bezala, gurea herri zapaldua baita: bi Estaturen menpe, hiru administrazio eremu ezberdinetan indarrez banatua. Euskal nazioak komunitate politiko baten existentzia eta lurraldea adierazten ditu eta Aberri Egunean lurraldeen arteko elkarrekintza eta batasuna aldarrikatzen ditugu.

Koronabirusaren pandemiak zibilizazioak eta Euskal Herriak bizi zituen krisiak agerian utzi ditu. Logika kapitalistak eta patriarkalak krisi horiek eragiteaz gain, areagotu eta larriagotu ditu gainera. Herritarrok babestuko eta zainduko gaituen komunitate kohesionatu eta sendo bat behar dugu biziko bagara. Gure herriak dituen erronkei aurre egin eta biziko bada, komunitate kohesionatu eta sendoa behar dugu. Aberri Eguna gure herriak dituen erronkei ekiteko burujabe izan nahi duen komunitatea garela aldarrikatzeko unea ere bada, independentzia aldarrikatzeko eguna. Biziraunean hala nola gabiltzan etxe hau erortzen ari da eta etxe berri batera trantsizioa egin beharra dugu, inor bidean utziko ez duen etxea, aterpea. Hori da nazioa. Hori da aberria. Hori da Euskal Errepublika. Hori da guk herri honi eskaintzeko duguna.

Gure herriaren askatasunaren alde, demokraziaren alde eta herritar guztiontzako bizitza duinen alde borrokan segiko dugu, herriarekin. Lehenik herria!

Azkenik, ostera ere, gure ikurrak haizetara atera eta Euskal Herria Batera herri ekimenak antolatutako ekimenetan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu.

Gora Euskal Herria askatuta
Gora Euskal Herria sozialista, feminista eta euskalduna

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.