LAB
Urtebete luze pasa da Covid19ak gure eguneroko bizitza goitik behera baldintzatu zuenetik. Bigarren Aberri Eguna dugu, oraindik ere, osasun krisia gainditu ezinean, eguneroko bizitza berreskuratu gabe, aurreko krisiaren ondorioak bizkarrean (bizitzaren eremu guztietara zabaldu den prekarizazio eta pobreziaren hedapena) eta konturatzerako krisialdi sakon eta berri batean murgildurik gaude.
Euskal Herria Estaturik gabeko nazioa izanik, azken hilabete hauek estatuekiko dugun menpekotasunaren eta lurralde zatiketaren ondorioen eragina zein den erakutsi digute. Lehen egunetik salatu genuen pandemia zentralizazioan urrats berriak emateko baliatzen ari zirela. Pandemiaren kudeaketari loturiko hainbat erabaki garrantzitsu estatuetan hartzen dira, mugikortasunari ezartzen zaizkien mugapenei edota txertaketa planei loturiko kontuak esaterako, herritarren osasunaren zaintzari loturiko kontuak kudeatzeko ere erabaki ahalmen erabatekorik ez dagoela argi utziz.
Lurralde zatiketaren ondorioak, azken urte hauetan, inoiz ez bezala pairatzen ari gara. Aberri Egunak esanahi eta garrantzi berezia du euskal herritarrontzat eta aurtengoan ezin izango dugu zazpi lurraldeetako anaia- arrebek elkarrekin ospatu hain egun seinalatua.
Langileontzat sindemikoa bilakatu den pandemiak oso agerian utzi ditu, zerbitzu publikoak ahuldu, zaintza lanak aitortu eta berrantolatzen ez dituen eta gainprodukzioan zein aberastasun eta botere kontzentrazioan oinarritzen den sistema honen hutsuneak. Sistema hau ez da demokratikoa, ez da jasangarria, ez sozialki eta ez ekologikoki ere.
Krisi sistemikoa errealitate bat da eta krisi berri honek tendentzia batzuk azkartu eta krisi hori areagotu egin du. Sistema honek orain arte pertsonen bizitza duinen gainetik eta planetaren mugak gaindituz biziraun du. Beraz, bizitza suntsituz biziraun duen sistema honek goia jo du. Etengabeko hazkundean eta mendebaldearen gehiegizko kontsumoan oinarritzen den eredu hau ez da sostengatzen, energia iturri fosilen agortzea eta larrialdi klimatikoa inork ukatzen ez dituen errealitate bat dira, baita honek guztiak eragindako migrazio mugimendu masiboak ere.
Aldaketak ekidin ezinak dira, bai nazioartean eta baita Euskal Herrian ere. Aldaketa horien norabidea da jokoan dagoena, eta aurrez ez dago guztia idatzia, neurri handi batean indar korrelazioen araberakoa izango baita.
Pertsonek bizitza duina izan dezaten eta larrialdi klimatikoari erantzun egoki bat emateko, krisian dagoen sistema alboratu eta eredu ekonomiko eta sozial berri baten aldeko apustua egin behar da, politika ekonomiko eta sozialen 180 graduko norabide aldaketa beharrezkoa da. Eredu zaharretik eredu berrira trantsizioa egin behar da, trantsizio ekosozialista eta feminista.
Eredu batetik bestera egin beharreko trantsizio hori autonomismotik burujabetzara egin beharreko bidea ere bada. Eredu sozioekonomikoak eskatzen duen errotiko eraldaketa sakona azken muturreraino eramateko, Euskal Errepublika Sozialista eta Feminista erdietsi behar dugu.
Oraingo krisiak, 2008koarekin alderatuz, ezaugarri desberdinak ditu eta erantzuna ez da guztiz berdina izaten ari, kapitalaren beharrak desberdinak direlako. Kapitala beti saiatzen da krisi bakoitza bere burua birkokatzeko baliatzen, eta krisi hau ez da salbuespena izaten ari.
Sistema kapitalista, heteropatriarkal eta ekozida hau betikotu nahi duten elite ekonomikoek alderdi sistemikoen laguntza dute bide horretan; bizitza erdigunean jartzeko inolako asmorik ez dutela argi geratzen da. Berriro ere multinazional eta oligopolioen interesak jarri nahi dituzte erdigunean.
Lehia inperialista errealitate bat da. Ameriketako Estatu Batuek hegemoniaren borrokan jarraitzen dute. Gero eta lehiakide gehiago dituzte; Txina eta Errusia, batez ere. Horregatik, Amerika Latina kontrolatzea da haien helburu nagusia. Txinak Estatu Batuei egiten dien itzala handitzen ari da, bai Errusiak Europari egiten diona ere. Europako Batasunaren proiektua kolokan dago (ultra-eskuinaren gorakada, migrazio krisia, brexita eta covid-19a…).
Europako Batasunak testuinguru horretan bere burua kokatzeko plan ekonomiko berri bat martxan jartzea erabaki du; elementu bereizgarri moduan trantsizio energetikoa (kapitalismo berdea) eta digitalizazioa kokatu ditu. Europaren posizio berreskuratze horretarako sortu da Next Generation plana.
Hona hemen estatu egiturak izatearen garrantzia agerian uzten digun beste adibide bat. Datozen urteetako politika publikoak goitik behera baldintzatuko dituzten funts horiek zein proiektuetara bideratuko diren erabakitzeko azken hitza estatuek izango dute.
EAE zein Nafarroako Gobernuek, EAJ-Geroa Baik, PSE- PSNk, ez dute langileon mesedetan izango den trantsizioa lideratzeko herri proiekturik. Aldaketa horiek, ezkerretik, langileon lidergoz eta herri burujabetza prozesuan aurrera eginez behartu egin beharko ditugu. Ezker subiranismo eraldatzailea izan behar da aldaketa horien lidergoa hartu behar duena.
LABek trantsizio ekosozialista eta feminista baterako proposamenak jasotzen dituen Programa Sozioekonomikoa aurkeztu du; alternatibak badaudela irudikatzen duen proposamena, langile eta herri moduan ditugun erronkei erantzuteko ekarpena egin nahi duen proposamen ireki eta dinamikoa, uda aurretik, alderdi, sindikatu eta eragile sozialekin partekatu eta osatuko duguna.
Egungo egoerari erantzun eta eraldaketarako proposamenak jasotzen dira bertan. Herritar guztiei lan, bizitza eta pentsio duinak bermatzeko neurriekin, ekonomiaren gaineko kontrol publiko eta soziala eskuratzeko sektore publiko indartsu baten aldeko apustua eginez, zaintza sistema publiko komunitarioa eratzeko edota aberastasuna birbanatzeko neurriak jasotzen dira bertan.
Programaren atal garrantzitsua osatzen dute lan, bizitza eta pentsio duinak bermatzeko Euskal Herriko Lan Kode eta Gizarte Segurantza legeek. Lehen aldia da Euskal Herrian horrelako ariketa sakon bat egin dela. Madril zein Parisko gobernuetatik inposatutako lan eta pentsio erreforma desberdinek behin behineko kontratuen gehiegizko erabilera eta kaleratze libreei ateak irekitzen dizkiete, oso erraz suntsitzen den enplegua sortuz. Zaintza lanak ez dituzte kontuan hartzen eta ez dira banatzen, eta sexuen araberako lan banaketaren eraginez, emakumeen lanak aitortza ekonomiko eta sozial baxuagoa du. Sektore feminizatuen prekarietatea eta soldata arrakala bultzatu dute, eta pentsio sistema publikoa ere ahuldu dute.
Lan harremanek, pentsio sistemak eta babes sozialak eraldaketa sakon baten beharra dute, eta eraldaketa hori Euskal Herritik bultzatu behar dugula uste dugu, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua egituratzeko urratsak emanez.
Madrilen Gobernu berria osatu zenetik, lan erreformaren neurririk atzerakoienak bertan behera uzteko asmoa adierazi izan dute, beti ere delako Elkarrizketa Sozialeko markoan adostasunak erdiesten badira. CEOE patronalaren eragina zenbaterainokoa den ikusita, ez dirudi sakoneko aldaketarako aukera handirik dagoenik.
Hemen bestelako errealitate sindikal eta sozial bat dugu. Euskal Herrian kontrabotere sindikalgintza indartsua dago. Patronalaren asmoei mugak jartzen ari gara, enplegu duinaren defentsan lantokietan egiten ari garen borrokarekin, langile elkartasuna sustatuz eta borrokak sozializatuz, CONFEBASK eta CENi mezu argi bat bidaltzen ari gara: badituzte bitarteko legalak langileak oso erraz kaleratzeko, baina erreforma horiek erabiltzeko zailtasunak dituzte.
Enplegua defendatzen ari gara zerbitzu publikoetan ere. Enplegua sortzeko eta enplegua egonkortzeko aldarrikatuz, zerbitzu publikoetako langileak grebara aterako dira apirilaren 22an. Hezkuntza, osasungintza edota gizarte zerbitzuetan greba eta mobilizazio arrakastatsuak izan dira eta instituzioen aurrean politika publikoak borrokatzen ari gara. Indartsu ageri dira, mobilizazio gaitasun handia erakusten ari dira mugimendu feminista edota pentsiodunak ere.
Gehiengo sindikalean, gaur gaurkoz, ez dago akordio orokorretarako aukerarik, baina herri honetan gehiengo sozial zabala osatzen dugun eta aldaketa sozialak eta erabaki ahalmen handiagoa eskatzen dugunon arteko adostasunak eraiki eta indarrak metatzen jarraitzearen aldeko apustua egiten dugu.
Amaitzeko, LABeko kidegoari Euskal Herria Batera herri dinamikak eginiko deialdietan parte hartzeko deia luzatzen diogu.