Batera garai berrien bila

Imanol Esnaola (Gaindegiako koordinatzailea), Naiara Goia Imaz (Arantzazulab Gizarte Berrikuntza Laborategiko zuzendaria), Erik Etxart (Ingeniaria), Iratxe Esnaola Arribillaga (Olaso Dorrea Fundazioko lehendakaria), Gorka Espiau (Agirre Lehendakari Centerreko zuzendaria)

Udaberriak urtero bizitza eraberritzen dela gogorarazi ohi digu. Aurten udaberria munduak bizi duen osasun larrialdiaren arrastoarekin dator. Egoera horrek eragindako kalteentzat erantzun zehatz eta berritzaileen beharra ere ageri-agerian geratzen ari zaigu. Jabetzen hasiak gara, ordea, erantzun horiek ezinbestean askotarikoen artean adostutakoak eta komunak izan beharko dutela. Komunitate nazionala osatzen dugunez, herri erantzun bat eman beharko dela.

Astinaldi honek ekarritako itaun berriek, ez lukete itzalean utzi behar aurretik erantzunen zain dauden beste hamaika erronka zahar-berri: bizikidetza beharra, pertsonen ongizatea, genero bereizkeriak gainditzea, inguru naturalaren zaintza, gure kulturaren garapena edo aberastasuna sortzeko modua. Gai horien inguruan egiteko handiak ditugu zain, eta herri honen oinarri komunitarioak arduradun eta ardurakide dira erantzun horien formulazioan.

2021eko Aberri Eguna testuinguru horretan kokatuta dator. Berriro ere, herri hau osatzen dugunok erantzun berriak topatzeko erronkaren aurrean gaude, gure jatorria zein bizitzan dugun helburua edozein dela ere. Sarri, ordea, dimentsio globala duen errealitateak gure ahalak gainditzen ditu. Ditugun mugen jakitun bagara ere, gure komunitatearen baitan bizitza hobetzeko baliagarriak diren bideak topatzeko gai izan behar dugu, eta horrek, halaber, munduari gure esperientzia berezia azaldu ahal izatera eramango gaitu. Nolanahi ere, gure bizipena herri txiki batena izango da, munduko gainerako herrien zein pertsonen bizitzak mugatzeko asmorik ez duena, eta konpromiso humanista sakona duena.

Txikia izan arren eta beharrezkoak zaizkigun tresnak ukatzen zaizkigun arren, gure herria bada nor. Aberri Egun honen ingurumariak, herri izatea argi eta garbi adierazteko beharra ekarri digu. Humanitateak erantzun berriak behar ditu, eta gureek, hain zuzen, koherenteak izan behar dute gure herriarekin eta lurraldearekin. Horregatik diogu nazio izaerako ekintza komunitariotik baino ezin dugula ekin: beste inork ezin du egin, ez gure tokian, ez gure izenean.

Zinez helburu itxaropentsua da, premia bizikoa den bezainbeste. Egoera berezia denez, herri erantzun egokiak topatzeko, gure lan erak eta metodoak egokitu behar ditugu. Gu guztiok erronka horietara lotzeko baliagarriak izango diren erantzunak behar ditugu. Aberri Eguna elkarrekin ospatzeko deia egin dutenek haien taldeari Euskal Herria batera izena jarri diote, eta izen hori bera arestian aipatutako auzolan horretara batzeko gonbidapena ere bada. Badakigu milaka lagunek deialdi horri erantzungo diotela, eta, beste askok bat egingo ez badute ere, auzolanean bidaide izango direla.

Esandako hori ez da azaleko aipamena. Herri konpromisoa gauzatzen dugun txoko orotan argi azpimarratu beharra dago etorriko diren erronkak ezezagunak zaizkigula, baita eragingo dituzten ondorioak, eta eragingo dizkiguten aldaketak ere. Erro sakoneko galderentzat erantzun berriak beharko ditugu, eta erantzun berri horiek lehendik genituen ziurtasun batzuk auzitan jarriko dituzte. Aro berri honetan erresilientziak nagusi izan beharko du, eta horrek ezinbestean bateratasunez aritzea eskatuko digu.

Ohikoa da euskal herritarren artean hainbatentzat Aberri Eguna festarako zio bat baino ez izatea, beste batzuek, aldiz, ez dute herri honetako partaidetza aldarrikatzeko beharra ere sentitzen. Herri sentimendua askea da, eta norberari dagokio bizi duen moduan adieraztea. Hala ere, gutako bakoitzak beste herrietatik desberdintzen gaituen berezko zerbaiten parte garela sentitzea oinarrizkoa da elkarrekin eragin dezagun: munduko txoko honek pertsonei bizitza proiektu asegarriak garatzeko aukera ematen dieten baliabideak izan ditzan. Horrela jokatuz gero, munduari esan ahal izango diogu Lurraren txoko honetan badela bere txikitasunean, mundu hobe batekin konprometitutako herri bat, koherentziaz eta bateratasunez diharduena.

Erabakiak hartzeko garaian parte hartzearen aldeko tradizio soziopolitiko handia dugu herri honetan eta egun, ohitura horri jarraitzea, agian, inoiz baino garrantzitsuagoa da. Erabakiak elkarrekin hartu behar ditugu, bai plazaren erdian, bai erakunde bateko bilera aretoan edo egoitza parlamentarioan. Euskal Herriak badu bere lurraldea, baina euskal herritarrak munduan han eta hemen bizi dira. Euskal diasporak, izan beste lurraldeetan errotutakoa, izan berriagoa (profesionala, akademikoa, kulturala…) ikasi eta partekatzeko aukera eskaintzen digu. Bizitzea egokitzen ari zaigun garai honetan, beraz, gure komunitatea piztu behar dugu zer ikasi edo zer irakatsi dagoen guneetan, herri honek mundua justuagoa eta bizigarriagoa egin dezan.

Burujabetza ukatu eta mugatzen zaigula badakigu, baina horrek ez gaitu geldiarazi behar gure eskubideak gauzatzeko garaian: geureari eutsi behar diogu. Parez pare ditugun erronkek guztion arreta eskatzen dute, zalantzarik gabe, zuzenean interpelatzen gaituzte. Baina kontzientzia duen herria gara, eta bizikidetza espazio bat osatzen dugula jabetzen gara; oinarri hori baliagarri gerta dakiguke erantzun berriei arrakasta handiagoz aurre egiteko.

Badakigu beti ez garela ados egongo, eta ez hori bakarrik, gure kohesioa eragozteko jarriko dizkiguten oztopoak ere ez dira txikiak izango. Hala eta guztiz ere, jabetu beharra dugu herri izatea behar-beharrezkoa zaigula ditugun galderak erantzuteko.

Esan genezake geure buruarekin topo egin behar dugula, gutako bakoitzaren onena eta positiboena eman behar dugula, erronka zahar eta berriei heltzeko; era horretan gizarte autozentratu eta ilusioz bete bat loraraziko dugu. Akordioak lankidetzan aritzeko beharretik abiatzen dira beti, eta, hain zuzen ere, gure herri izaera da lankidetza hori erraztu behar diguna. Garai berri honetan, inoiz baino gehiago, Euskal Herria Batera.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.