EAJk azken 4 urteetako akordioak hautsi ditu Leioan EH Bildurekin

Jokin Ugarte, Mari Jose Peleteiro, Asier Izquierdo, Eguzkiñe Agirre I EH Bildu Leioaren zinegotziak

EHBildutik defendatzen dugu aurrekontuek tresna eraginkorra izan behar dutela Kobid19ren pandemiak areagotu duen krisi ekonomiko-sozialari eta zaintza krisiari aurre egiteko. Krisiaren ondorioak langileen eta herri-sektoreen bizkar ez uzteko tresna izan behar dute. Gastu eta inbertsio soziala, pandemiak gehien kaltetutako sektore ekonomikoentzako laguntzak eta abar, etengabeak izan dira aurten aurkeztu ditugun proposamenetan, eta hori ere egin nahi izan dugu udal aurrekontuetan.

EHBildu Leioak negoziatzearen eta akordio batera iristearen aldeko apustua egin du, aurreko urteetan bezala. 53 zuzenketa aurkeztu ditu EHBilduk Leioan, 2021erako 38,7 milioi euroko aurrekontuaren 1,8 milioi euroko balioarekin. Udal aurrekontuaren % 4,6 aldatzea proposatzen genuen.

Aurrean, akordiorako borondate gutxi edo batere borondaterik ez duen EAJ aurkitu dugu. Egiten zuten aurrekontu-proposamenean, EHBildurekin lotutako eta gauzatu ez diren aldez aurreko akordioak ezabatzen zituzten, aurretik lortutako adostasunak hautsiz: Pinuetako birgaitzea eta aparkalekua, Carbonerako aparkalekua, Emakumeen Etxea, Elkarteen Etxea… batzuk aipatzearren. Horixe izan zen EAJren asmoen adierazpena negoziazioaren aurrean.

EAJren asmoen adierazpen hori aurrekontu-proposamenaren negoziazioan errealitate bilakatu da: ez ditu onartu aurreko akordioak, eta soilik ontzat eman ditu EH Bilduk aurkeztutako 53 zuzenketetatik 6, 1150.000 euroko balioarekin, hau da, datorren urterako aurrekontuaren % 0,3. Gainera, EAJrentzat “onargarriak” diren 6 proposamenetatik bat bera ere ez da EHBilduk lehentasunezkotzat jotakoa. Azken emaitza izan da EHBilduk, udalerriko bigarren indarrak, aurkeztutako 53 zuzenketak aurrekontutik kanpo uztea erabaki dutela, hots, 5 boto-emailetatik baten ordezkaria garenonak eta elkarteekin eta herritarrekin kontraste-lan bat egin ondoren aurkeztu ditugunak.

Argi eta garbi adierazi dugu zergatik ez ditu EHBilduk aurrekontu hauek babestu. Hobetzen saiatu gara. Negoziatzeko prest egon gara, eta ez da izan, ezta gutxiagorik ere, “dena ala ezer ez” gisako planteamendu bat egiteagatik. Baina hautsitako adostasunak eta eskainitako apurra ez zaizkigu nahikoa iruditu, eta uste dugu agerian utzi duela tokiko EAJk akordiorako borondate gutxi duela. Etorkizuneko aurrekontu-akordioetan aurrera egiteko, adostasun horiek berreskuratu behar dira. Guk eskua luzatuta daukagu Leioako edozein indar politikorekin lan egiteko, herritarren bizitza hobetzeko eta ditugun erronka garrantzitsuenei aurre egiteko.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude