Gora borroka feminista!!

Sutea I Leioako Gazte Mugimendu Feminista

Aurten ere, azaroak 25, hemen gaude elkartuta, batuta, oraindik ere hain presente dagoen eta sistematikoa den emakumeonganako indarkeriaren aurka ohiukatuz. Urtero kalera irteten gara, urtero indarkeria jasaten jarraitzen dugulako.

2020an, covid pandemiaren ondorioz, 19 emakumek beren erasotzaileekin konfinatuta egon behar izan zuten, tratu txarren eta etengabeko umiliazioen burbuila jarraituagoan sartu behar izan zuten. Konfinamendua galdu arren, arazoa oraindik ere izugarria da. Bizkaian bakarrik, 1205 emakume dira genero-indarkeriaren biktimak beren bikotekideen edo bikotekide ohien ondorioz, 387 emakumek jasaten dute familia barruko indarkeria, eta 151 emakumek indarkeria jasotzen dute beren sexu-askatasunagatik, iaz baino gehiago. Euskal Herrian, azken 8 urteetan 108 emakume hil dituzte.

Beste behin, argi utzi nahi dugu alde batetik, indarkeria ez dugula soilik kolpe forman jasaten eta beste alde batetik, egunero jasaten dugun biolentzia era sistematikoan jasotzen dugula. Hain zuzen ere, sistemak erasotzen gaituela. Soldata eskas baten truke lanaldi amaiezinak egiten dituen garbitzaileak, sare sozialek inposatzen diguten gorputz perfektua lortzearen zama, ume eta neskon sexualizazio basatia, gure gorputzen neurrigabeko kontsumoa… horiek guztiak ere indarkeria dira.

Baina, ez da biolentzia gertatzen norbaitek eragiten duelako? Abusuak daude, bortxatzaileak eta bortxaketak daudelako. Milaka emakume daude gizonen mende, eta gezurretan eta manipulazioetan murgiltzen dituzte, eta fisikoki eta psikologikoki tratatzen dituzte, ingurutik eta autonomia pertsonal eta ekonomikotik isolatuz.

Hauen guztien kontra egiteko beharrezkoak dira hausnarketarako bideak zabaltzen dituen hezkuntza, berdintasuna bermatzen duten politikak, instituzioen inplikazio eta konpromezua… Ezinbestekoa da arazoen aurrean irtenbideak bilatzea, eta horretarako nahitaezkoa da arreta arazoen sustraietan jartzea, ez soilik horien ondorioetan. Babesten gaituzten legeak behar ditugu: onartezina da bere abusatzailea salatu duen emakumea eraila izatea, onartezina da emakume batek bere burua behartuta ikustea seme-alabak erasotzaile batekin uztera eta onartezina da ere etxean ematen diren zaintza lanek eta lan erreporduktiboek aitorpen publikorik ez ekonomikorik ez izatea.

Bestalde, ezin dugu ahaztu sistemarekiko disidentzia suposatzen duten emakumeen aurkako indarkeria: emakume arrazializatuak, migratzaileak, trans emakumeak, marimatxoak, bollerak, aniztasun funtzionala dutenak, emakume presoak, aurpegia ematen dutenak eta aurrez aurre dauden guztiak.

Garai nahasi hauek albo batera uzten ditugun heinean, inoiz baino garrantzitsuagoa da feministok saretu eta antolatzea; heteropatriarkatuaren indarkeria guztiei aurre egiteko. Kapitalaren alde egiten duen eta oinarri zapaltzaileak dituen sistemak bakartuak, obedienteak eta isilduak nahi gaitu. Pandemiak utzitako arrastoa ondiño gogor jotzen ari da gure bizimoduan, baina hori ezin da izan aitzakia kalera ez irteteko eta gure aldarria argi eta garbi ez uzteko. Justizia patriarkalaren eta egoera matxistaren aurka, kalean antolatzea da alternatiba bakarra. Beldurra bandoz aldatuko da. Beldurra lekuz aldatuko da.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude