Zaharrago, ikaskurago :: Tradizioa


Gorka Azkarate
I Irakaslea

Agaramontarrak vs beaumontarrak, ganboarrak vs oinaztarrak, karlistak vs liberalak, errepublikazaleak vs monarkikoak, abertzaleak vs konstituzionalistak, Errealzaleak vs Athleticekoak, alarde-tradizionalistak vs alarde-mistoaren aldekoak, zezenketazaleak vs animalistak, muszaleak vs tutezaleak…

Bi bandotan, gutxienez, sakabanatzeko joera historikoa daukagu. Leinu gerrak, bando gerrak, banderizoen gerrak piztu eta berpizteko joera. Derbia esaten zaio gaur egun.

Baina gure herrian, Leioan, aspaldi honetan, ez dugu aipatzeko moduko gatazkarik antolatu. Horrela jarraitzen badugu aitite-amama bihurtzen garenean, ez dugu jakingo bilobei zer kontatu. Horrela jarraitzen badugu etorkizuneko historiagileek ez dute jakingo gure garaiko leioaztarrei buruz zer kontatu.

Hondarribikoengandik, esate baterako, ikasi beharko genuke. Genero kontuek, genero gatazkek, zeresan handiak emango dizkiete etorkizuneko historiagileei. Leioaztarrok ere horrelako zerbait asmatu beharko genuke. Leioan, baina, jaietako bajadan, hortxe ibili izan dira neskak eta mutilak aspaldidanik nahasirik, inor baztertu gabe, plastiko beltza xahutu gabe… Horrela ez gaituzte Leioatik at aipatuko. Etorkizunekoek ahaztuko gaituzte.

Neskek ere parte hartuko duten aurresku lehiaketa bat antolatu beharko genuke. Esate baterako. Edo bestela, idi-dema modernoak asmatu beharko genituzke[1] idiak ukuiluan lasai utzita, belarra hausnartzen, eta traktore elektrikoekin sekulako apustuak antolatu beharko genituzke. Leioa munduko mapan kokatuko lukeen zerbait.

Tradizioari traizioa egin beharko genioke.


[1] Udalak idi-proba tradizionaletarako urtero 25.000 € esleitzen dituela entzun dugu.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude