Jon Maia, Onintza Enbeita ( Bertsolariak) eta 31 euskal herritar gehiagok
47 euskal herritar epaituak izango dira datorren irailetik aurrera eta, guztira, 601 urtetako zigor eskaerari aurre egin beharko diote. Gertakizun larri honen aurrean honako hau adierazi nahi dugu:
47 euskal herritarrak eta beraien jarduerak zigortu nahi dituen epaiketa hau, lehen bezala orain, lekuz kanpo, garaiz kanpo eta euskal jendartearen bake eta justizia nahietatik kanpo dagoela salatzen dugu.
Euskal jendarteak aurrera egin nahi du eta etorkizunari behar bezala ekiteko iraganeko zauriak ixtea eta korapiloak askatzea ezinbestekoa da. Ez ditugu kate berriak asmatu behar eta ez dugu gehiago estutuko gaituen korapilorik nahi. Ez dugu bidean harri berririk behar, ez dugu min eta zauri berririk irekitzerik nahi. Zalantzarik gabe, konponbideari begira dagoen herria da hau, aurrera egiten ari den herria, eta ez gaude prest atzera eraman nahi gaituen egoerarik onartzeko.
Elkarbizitza, bakea eta justizia jendarte ororen altxor preziatua dira, baita gurea ere. Euskal jendartearen nahi horri erantzun behar diogu eta gatazka logika batean asmatutako eta abian jarritako prozedurak eten behar ditugu, eraikitzen ari garen orainaldia kutsatu ez dezaten.
Jendarte berri bat eraiki nahi dugu, sinistuta baikaude urteotan garatu ditugun baloreak eta eskubideekiko sentsibilitatea izango direla bestelako herri bat sortzeko zimendua: norbanakoen giza eskubideak, eskubide kolektiboak, elkartasuna, enpatia eta elkar bizitza. Etorkizuna guztion artean, elkarrizketaren bidez eta eskubide ororen errespetoan oinarrituta eraiki behar dugun etxea da eta guztiok gara ezinbestekoak, guztiok elkarrekin bizi behar dugun etxea baita.
Horregatik, hau sinatzen dugunok ez gara epaituak izango diren 47 lagun hoiengatik soilik ari. Euskal Herrian bizi garen norbanako, eragile eta erakunde guztiok osatzen dugun euskal jendarte zabal eta anitzak hartutako bidean aurrera egiten jarraitu dezan ari gara. Horregatik honakoaren bitartez, epaiketa hau salatzeaz gain irailaren 14 manifestazioarekin bat egiten dugula adierazi nahi dugu.
Bihur dezagun iraganera eraman nahi gaituen epaiketa hau etorkizunerako ate. Irten bidera. Askatu dezagun etorkizuna, guztion erronka da.
Sinatzaile guztiak: Jon Maia (bertsolaria), Onintza Enbeita (Bertsolaria), Jesus Viñaspre (Medikua), Ibon Larrinaga (Boxeolaria), Amaia Goirigolzarri (Abokatua), Pako Letamendia (EHUko irakaslea), Hassana Aalia (Saharar errefuxiatua, Gdeim Izik), Amelia Barquin (HUEZIko irakaslea), Katixa Agirre (Idazlea), Roberto Moso (Musikari eta Kazetaria), Ane Muguruza (Senidea), Jose Maria Arrate (Athleticeko lehendakari ohia), Zaloa Basabe (Mugimendu Feminista), Angel Toña (Ekonomilaria; Enplegu sailburu ohia), Irati Jimenez (Idazlea), Nora Cortiñas (Madres de Plaza de Mayo. Línea Fundadora), Alex Txikon (Alpinista), Toti Martinez de Lezea (Idazlea), Mikel San José (Athleticeko jokalaria), Juan Kruz Lakasta (Kazetaria), Begoña Errazti (EAko lehendakari ohia), Asier Riesgo (Eibarreko futbol jokalaria), Juan Jose Ibarretxe (EAEko Lehendakari ohia), Carlos Garaikoetxea (EAEko Lehendakari ohia), Nerea Eizagirre (Realeko jokalaria), Garazi Arrula (Idazlea eta editorea), Bernardo Atxaga (Idazlea), Xabier Añua (Saskibaloi entrenatzaile ohia), Laura Pérez Ruano (Nafar parlamentari ohia), Ines Osinaga (Musikaria), Aitor Merino (Aktorea), Txetx Etcheverry (Bakegilea), Laura Mintegi (Idazlea eta EHUko irakaslea)