‘Bosteko 2019’ erakusketa Kultur Leioan erakusgai

Gaur aurkeztu dute Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Lorea Bilbaok eta Iban Rodriguez Leioako alkateak “Bosteko 2019” erakusketa ibiltariaren edizio berria. Haiekin batera egon dira edizio honetan parte hartzen duten hiru artistak: Gentz del Valle, Mertxe Periz eta Sonia Rueda.

Kultur Leioan ikusgai dagoen erakusketaren izenburua “Marrazkitik haratago. Figura eta paisaia” da eta komisarioa Ibon Garagarza Berger da. Leioatik pasatu ostean Basauri, Amorebieta-Etxano, Arrigorriaga eta Getxon izango da. Hiru artistek planteatu dituzten obren eta instalazioen ezaugarri nagusia aldaketa da, aurkezteko diren tokiaren arabera era batera edo bestera aldatu eta egokituko direlako. Erakusketaren esparruak oso desberdinak dira euren artean eta horren ondorioz bisitarien esperientziak ere desberdinak izango dira. Instalazioen formatuak aldatu egingo dira aretoen arabera eta ikusleari une horretan bertan egotearen esperientzia artistikoa eskatuko dio.

“Marrazkitik haratago. Figura eta paisaia”

Erakusketa honetan berariazko garrantzia dauka marrazkiak eta, aldi berean, argazkilaritza, eskultura edo pintura bezalako baliabideak lantzen ditu. Halaber, proposamenean funtsezkoa da instalazioa, giro desberdinen sorkuntza. Hiru artistek bi dimentsioak gainditzen dituen marrazkiaren kontzeptu zabaldua garatzen dute eta mundua ulertzeko era desberdinetara hurbiltzen gaituzte. Era horietan guztietan protagonista gizakiaren figura izango da, guztion interesa sortzen duten kontakizunak eraikiz.

Gizakiaren figura, gorputza eta inguruarekin, paisaiarekin, duen erlazioa gai garrantzitsuak izan dira hiru artisten lanean eta, marrazkiaren kontzeptu zabaldu horrekin batera, proposamenaren ardatza izango dira. Sortze-prozesuan zehar proiektuaren jatorrian dagoen ideia marrazterakoan eta pentsatzerakoan (marrazten duzunean pentsatu egiten delako; pentsamenduaren artekari-dinamika eta marrazkia hertsiki uztartuta daude) proiektuaren prozesua bera definitzen duten irudi-serie eta proposamen berriekiko topaketa sustatzen da, askotan gauzak egiteko beste era berri batzuetara eramaten gaituena. Era berri horiek dira erakusketan indarra hartzen dutenak.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude