Ehun bat emanaldi eskainiko dira aurtengo Umore Azokaren barnean

Irailaren 16tik 19ra burutuko da Umore Azoka Leioan I Guztira, ehun bat antzerki-, musika-, zirku-, dantza- eta magia-emanaldi burutuko dira kaleko arteen azokan 

Umore Azoka Leioak, herriko Udalak antolatutako Kale Artisten Azokak, irailaren 16tik 19ra bitartean hartuko ditu kaleak berriro, “ilusioz betetako” programarekin eta egungo egoera pandemikora egokituta. Euskal Herriko, Estatuko eta Europako beste herrialde batzuetako 39 konpainia izango dira Leioa berriro eszenatoki bilakatuko dutenak, ikus-entzule guztientzako askotariko emanaldiekin.

“Gogoa, ilusioa, poza, kitzikapena… berba horietako edozeinek balio du Umore Azokaren edizio honen aurrean bizi dugun egoera definitzeko. Agian ez da konpainia gehien ekarriko dituena edo nazioartekoena, baina, zalantza barik, bereziena da, pasatu behar izan ditugun inguruabar guztiengatik”, ziurtatu du Iban Rodriguez alkateak. “Umore Azoka Leioa hemen dago eta berme guztiekin ospatuko dela ziurtatu dezakegu”.

Alkateak adierazi duenez “Umore Azoka tokiko ekonomia dinamizatzen duen hiriko ekitaldia baino askoz gehiago da; erreferentzia da, halaber, gure herrialdeko kultur sektorearentzat, eta, gaur inoiz baino gehiago, gizartearen gogoa berreskuratzeko modu bikaina ere bada. Ilusioak gorantz kotizatzea gura dugu”.

Rodriguez Etxeberriak gogorarazi du ekitaldi honetan biltzen dela EAE osoko euskal konpainia gehien, eta jaialdi eta azoka profesionala uztartzen dituen bakanetako bat dela. “Lau egun hauetako jarduera ez da kaleetara mugatuko; aldi berean, konpainiek eta profesionalek lan egiteko eta esperientziak partekatzeko gune aproposa izango dute Kultur Leioan”.

39 konpainia eta 100 emanaldi inguru

Umore Azokaren XXI. edizioa “kalitateak eta aniztasunak markatuko dute berriro ere”, antolatzaileen arabera. Izan ere, Batzorde Artistikoak 400 proposamen baino gehiagoren artean aukeratu ditu parte hartuko duten konpainiak, eta programa zabala sortu du. Parte hartuko duten 39 konpainiek 94 emanaldi egingo dituzte. Antzerkia, dantza eta zirku garaikidea izango dira ardatz nagusiak, baina “clownaren” umorea, musika, magia, dantza bertikala, txotxongiloak eta ikuskizun piroteknikoa ere izango ditugu.

Sormenaren sektoreari dagokionez, umore Azoka da oraindik ere Euskal Herriko Kaleko Arteen funtsezko erreferentzia, 22 euskal konpainiak hartuko baitute parte. Horrek, euskal konpainia gehien ekitaldi berean kontzentratuko diren lekua dela esan gura du. Gainera, programa artistikoak Estatuko 14 konpainiaren eta nazioarteko 3ren parte hartzea aurreikusten du, kasu honetan Belgika, Portugal eta Ukrainatik etorritakoak. Estatuko konpainiei dagokienez, Madril, Murtzia, Gaztela eta Leon eta Galiziako konpainiak etorriko dira eta garrantzitsua da Kataluniako konpainien presentzia, neurri batean Fira de Tarregarekin, nazioarteko hitzordu ospetsuenetako batekin, batera egiten den NOMADAS programari esker.

Aurten Azoka maiatzetik irailera atzeratu denez, eta, beraz, ikasturte artistikoa oso aurreratuta dagoenez, konpainiek ezin izan dute estreinaldirik aurkeztu Leioako Umore Azokan. Hala ere, aukeratutako ikuskizunen aniztasunak eta kalitateak programazio oso osoa bermatzen dute, eta nabarmentzekoa da ikus-entzuleek benetan gozatuko dituzten lan ospetsuak egongo direla bertan.

J.L. Vidal (Belgika) I Argazkia: Umore Azoka Leioa

Espazioak eta segurtasun neurriak

100 emanaldi inguru egingo dira ostegunetik igandera bitartean, 9 leku desberdinetan: Errekalde Plazan, Elexalde Errotan, Udaletxe Plazan, Udaletxe Biribilgunean, Bulebarrean, Institutuan, Aldapa Auditorioan, Udondon eta Kandelazubietan.

Ia jarduera guztiak karpa azpian egingo dira; horrela, edukieren kontrola eta ikuskizunak gauzatzea bermatuta egongo dira, baita eguraldi txarra egiten badu ere. Ikusizunetara sartzeko bete beharreko segurtasun-neurrien artean daude maskara erabiltzea, eskuak desinfektatzea, esleitutako eserlekua iritsiera-ordenaren arabera okupatzea (bizikidetza-unitate bakoitzeko pertsonak taldekatzea baimentzen da), eta leku desberdinetatik sartzea eta irtetea.

Jarduera profesionalak

Hasieratik, Umore Azoka Leioa sektorea ezagutzeko, elkartzeko eta hausnartzeko gune gisa eratu da, eta, horregatik, aldi berean, hainbat jarduera profesional egiten dira. Jarduera horietarako Estatu osoko 190 profesional baino gehiagok eman dute izena, eta baita Portugalgo Kaleko Arteen arloko zuzendarien eta banatzaileen ordezkaritza batek ere.

Jarduera horiek Artekale – Euskadiko Kaleko Arteen Elkartearen, SAREA, Euskadiko Espazio Eszenikoen Sarearen, COFAE, Arte Eszenikoen Estatuko Azoken Koordinatzailearen eta, edizio honetan, Fira de Tarregaren laguntza dute. Jardunaldi ireki bat egingo da Kultur Leioa Auditorioan, “Pandemia ondorengo garaia Kaleko Arteentzat” izenburupean, sektoreko Estatu mailako teknikarien, zuzendarien, konpainien eta abarren parte-hartzearekin.

Jarduera nagusien artean, aipatzekoak dira SAREAren Batzar Nagusia Kultur Leioako Auditoriumean; eta euskal konpainien proiektu eta prozesu artistikoen aurkezpena barne hartzen duen VI. Artekale-Sarea Topaketa. “Sorburu” saio bat ere egingo da. Saio horretan, 4 proposamen aurkeztuko dira auditorioan, horien kontratazioa bultzatzeko.

Gainera, bi egunetan Plazaratu saioak egingo dira, eta horien barruan sektoreko “txokoa” eta umore Meeting-ak edo negozio-bilera azkarrak. Azkenik, bi aurkezpen egingo dira: alde batetik, “COFAEko Azoketan akreditatutako erakunde profesionalen bertaratzeak eta mugikortasuna” gaiari buruzko COFAEren azterlana, eta, bestetik, Manuel V. Vilanovaren “Paisajes Escénicos” liburua.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude