Konfinamendurako abestiak :: Berri Txarrak-en “Maravillas” kantuaren bertsio akustikoa

Berri Txarrak taldeak, geldialdi mugagabean dena egun, Maravillas kantu ezagunaren “bertsio soilena, biluziena” entzuteko parada eskaini du. Zuzeneko single digital hau argitaratu nahi izan dute orain,  itxialdi aro gogor honetan jarraitzaileei egindako keinu gisa.

Gorka Urbizuren gitarra eta ahotsa besterik ez, Madrilgo WiZink Center-en (Palacio de los Deportes zena) grabatua. Kontzeetu hartako lagin bat erakusten du kantu honek, zinez mugarria izan baitzen hala taldearen ibilbidean nola, hein batean, euskarazko rockaren historia, 7.000 zaletik gora batu baitziren bertan.

“Hunkidura eragiten duen bertsioa” dagoeneko eskuragarri dago plataforma digital nagusietan zein taldearen webgunean bertan entzun edo deskargatzeko moduan.

Taldearen luzematrai dokumentala, edizio fasean

Bestalde, taldeak gogorarazi du iragarritako luzemetrai dokumentala dagoeneko edizio fasean dagoela, hilabete batzuen buruan estreinatzeko asmoz, betiere pandemiaren ondorioek ahalbidetzen duten heinean.
2019ko Ikus Arte Tour birako hainbat lekutan filmatua (Tokio, Mexiko, Madril Los Angeles, Berlin, Bartzelona, Donostia, Iruñea…), pelikulak hainbat ertz erakusten ditu, hala nola BTX eta zaletuen arteko lotura estua, musikaren indar integratzailea, haren balio pertsonal zein unbiertsala, kantuek intimotik komunitaterako egiten duen bidea -eta alderantziz-, oholtzara igo aurretiko zein ondorengo une bereziak, gorenean uzteko balizko arrazoiak, etorkizuna…

Marina Lameiro nafarra izan da filmaren zuzendaria, eta Arena Comunicación, Txalap.art eta Only In Dreamsen arteko elkarlanetik ikusiko du argia.


Info + 

BTX-en Webgunea berritxarrak.net

Berri Txarrak-en Maravillas kantuaren bideoklipa

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude