Euskadi Ta Askatasuna erakundearen sorrera eta amaiera kontatzen zaizkigu saio literario honetan; edo, behintzat, sorrera eta amaiera bana, autorearen bizitzari lotuak.
Introspekzio ariketa baten bidez, Txabi Etxebarrietarekin hasi eta tia Luzirekin bukatzen du Mikel Antzak idatzi pertsonal hau; tartean, beste hamaika izen esanguratsu, oihartzunezko edo ezezaguni lekua egiten die gure herriaren historian.
Hasieraren eta bukaeraren muturrak lotzeko hari gidaria da Burgosko Auzia, mende erdi igaro den honetan autoreak auzipetuetako zenbait elkarrizketatu baititu, eta haien testigantzak kontakizunaren atzeko oihala osatzeko moduan josi. Eta, lerroartean arroz urez idatziak, gure herrian ikusezin gorde behar izan direnak agerian geratuko dira.
Mikel Albisu Iriarte, ‘Mikel Antza’ (Donostia, Euskal Herria, 1961) idazlea eta antzerkigilea da. Susa aldizkariaren lehen zenbakian eman zuen argitara lehen ipuina, 1979an. Susa taldeko kide izateaz gainera, Argia astekariko partaide ere izan zen, antzerkiaren saileko arduradun. Lehen bilduma 82-84 (Susa, 1985) ipuin bilduma eta Beteluko balnearioko mirakulua (Susa, 1985) antzezlanak argitaratu zituen ihes egin aurretik. Atzerrian zegoela argitaratu zuen Odolaren usaina (Susa, 1987) ipuin bilduma. 2004an atxilotu zuten Frantzian, eta hamalau urtez eduki zuten kartzelan. Bertan idatziak dira Ospitalekoak (Susa, 2010) eta Atzerri (Susa, 2012) eleberriak, Bakarmortuko kronikak (Ataramiñe, 2011) kartzelako kronika liburua, Z2 (Ataramiñe, 2013) antzezlana eta Ametsak ere zain (Susa, 2015) poesia liburua. Txalapartan, Atzerri eleberria gaztelaniaz argitaratu genuen, En país extraño (2019).