Poeta hirira doa trenez. Artasoro bat ikusi du bultzi-leihotik. Ederrenean dago arto-saila. Berde. Baina poetari “arto musker” etorri zaio burura eta ez “arto berde”. (…). Bestalde, eguzkia bete-betean baita, poetak beste jauzi bat ere egin du, natura urrez jantzia ikusi baitu. Soroan zut eta bero galgatan ari den nekazariak, aldiz, “gizandi bat” dirudi bere gorputzak egiten duen itzalaren eraginez. Trenetik ikusten diren bazterrek, berriz, “gurarizko aberria”ren nostalgia eragiten diote poetari.
Lizardiren ahaleginak munduaren ikuskera ugaritu nahi luke eta poesia egiteko darabilen hizkuntza berrituz duindu, duinduz aberastu. Horren atzetik dabil poeta, jakite-hegoek igotako hizkera poetiko baten bila: bere ahotsa grabatu nahi luke, zizelak harrian nola, hitzezko moldean.
Euskarak eman duen poema liburu ederrenen artean eder, Lizardiren Bihotz-begietan da eragin handiena izan duen obra euskal poesian: ia mende osoa pasatu da argitaratu zenetik (1932) eta ordutik honako euskal poesia ezin da ulertu Lizardi gabe.
Anjel Lertxundi
Xabier Lizardi (Jose María Agirre, Zarautz 1896-Tolosa 1933), lantegi bateko gerentea izan zen, lege ikasketak egin zituen arrean. Poeta ez ezik, prosalari bikaina izan zen, eta edozelako gaiak estilo landu eta umoretsuan jorratuz maila literarioa eman zion artikulugintzari.
Laburrean
Izenburua Bihotz-begietan
Egilea Xabier Lizardi
Hizkuntz-estandarizazioa Josu Landa / Susa
Azala eta ilustrazioak Zuhar Iruretagoiena
Argitaletxea Susa Literatura
Salneurria 16,15 €
Hizkuntza Euskara
Orrialde-kopurua 104
Argitaratze-urtea 2021
Lizentzia Copyright
ISBN 978-84-17051-69-3