Zer berri? :: “Erdian oraina”, Bulegoren diskoa

Erdian oraina izena duen diskoa sortu du Bulego taldeak, orain arte egin duen lanik osoena. Ekoizpenean, grabaketan eta masterizazioan Eñaut Gaztañaga izan dute bidelagun, estilismoa Eneko Aranbarrik sortu du, Anthony Kan aritu da argazkilari lanetan, diseinua Gorka Larcanek sortu du, Iratxe Reparaz izan da zuzendari artistikoa eta Joseba Razquin proiektu guztia zuzentzen aritu da.

Ez daukazue gogorik guztia gelditu eta atseden hartzeko? Azkar doan aro baten parte garenez, askotan bizitzen ari garen momentua galdu egiten dugu. Hortik abiatu da Bulego Erdian oraina sortzeko ideia.

Taldeak dioenez, “entzuten duenak barre, negar, oihu eta dantza egitea nahi dugu. Guztia gelditu eta musika eta bizitza disfrutatzeko egindako kantuak sortzen saiatu gara eta horretarako hitzak eta musika egiterakoan gure onena eman dugu.

Urtebete igaro da dagoeneko kontzeptuari tiraka hasi ginenetik. Erdian oraina diska kontzeptual bat da, eta hasieratik amaierara entzuteko sortu dugu. Diskoa iraganari buruz hitz eginez hasten da (gure heziketa, barruan dugun umea, lehen maitasuna…), ondoren orainari buruzko zenbait kantu aurkituko dituzue (festa egunak, dantza, maitemintzea…) eta, amaitzeko, etorkizunari buruzko zenbait gogoeta (erabakiak hartzea, bizitza bera…).

Ez da gure asmoa zurikeriatan erori eta guztia arroxa kolorekoa dela esatea; izan ere, disko honetan tristurarako, aldarrirako, nostalgirako eta beldurrerako tokia ezinbestekoak dira. Horiek gure orainaren parte direlako eta hala nahi ditugulako. Dena bihotzetik egiten ari gara eta maitasun handiz sortu dugu lanaren zati bakoitza.”


Laburrean

Izenburua  Erdian oraina

Egilea  Bulego

Diskoetxea  Oso Polita

Zenbatekoa  15,00 € (CD)

Formatua  CD / MP3

Hizkuntza  Euskara

Argitalpen-urtea  2021

Lizentzia  Copyright

Abestiak

1. Entera daitezela (2:58)
2. Bueltan da!!! (3:18)
3. Egin dezagun dantza (3:03)
4. Ezer ez da berdina (feat. Maren) (2:50)
5. Gertu gaudenean (3:03)
6. Pizten ari da (3:33)
7. Bidean bertan (3:45)
8. Bagoaz (3:34)

Erdian oraina diskoaren Pizten ari da kantaren bideoklipa

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.