Zer berri? :: “Garen hori”, Ana Urkizaren liburua euskal balioen inguruan

Zein dira euskal balioak, halakorik baldin badago? Zerk egiten gaitu Gu, eta nola uztartzen da izate kolektibo hori gutako bakoitzarekin? Ba al dugu euskal nortasunik eta nortasun horri dagokion markarik, irudirik? Eta zein leku du horretan kulturak? Zein da sortzaileen eta komunikatzaileen eragina nortasun horren eraikuntzan?

Galdera horien eta antzekoen inguruan dantzan jarri ditu Ana Urkizak hainbat sortzaile, nor bere alorretik eta esperientziatik berbetan: Irati Jimenez idazlea, Carmelo Ortiz de Elguea pintorea, Jon Maya Sein dantzaria, Xabier Barrutieta arkitektoa, Dora Salazar eskultorea, Jon Garaño zinemagilea, Juan Carlos Perez musikaria eta Xabier Paya bertsolaria.

Elkarrizketa horiek osatzen dute liburuaren zati nagusia, eta horiei gehitzen zaizkie lehen lerroko komunikatzaileak diren beste hainbat adituren gogoetak: Josu Bergara (publizitatea), Eduardo Apodaka (filosofia), Elixabete Garmendia (kazetaritza), Olatz Legarda (kirola), Ximun Fuchs (antzerkia), Iraia Oiartzabal (moda), Elena Arzak (sukaldaritza) eta Iñigo Ucin (enpresa).

Denen artean mosaiko zabal eta ñabar bat eraikiko dute, gure herriaren isla izan litekeena, tradizioaren eta etorkizunaren artean.

Ana Urkiza Informazio Zientzietan lizentziaduna eta enpresa-komunikazioan aditua da. Komunikazio aholkularia eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea da ogibidez. Gainera, itzultzaile eta artikulugile ere bada, Deia egunkarian eta Karmel aldizkarian, besteak beste.

Ipuingintza landu du batez ere, eta hainbat sari irabazi ditu, Agustin Zubikarai eta Tene Mujika sariak, besteak beste.

Argitaratu dituen liburuen artean aipatzekoak dira: Desira izoztuak (2000) eta Bekatuak (2005) ipuin-bildumak; Gela ilunetik (2000) eta Bazterreko ahotsa (2002) poesia-liburuak; haur eta gazte literaturan, Betaurrekoak ditut eta zer? (2001), Hondartzako kioskoa (2001), Ondarruko piratak (2003), Amak plastakoa eman dit (2004), Nire herriak ostadarraren koloreak ditu (2006) eta Nire hiriko poemak (2006).

2006an zortzi euskal idazle emakumezkori egindako elkarrizketak argitaratu zituen liburu batean: Zortzi unibertso. Zortzi idazle.

2020ko irailaren 19tik Eusko Ikaskuntzaren presidentea da


Laburrean

Izenburua  Garen hori

Egilea  Ana Urkiza

Argitaletxea  Elkar Argitaletxea

Zenbatekoa  21,00 €

Hizkuntza  Euskara

Orri-kopurua  228

Argitalpen-urtea  2021

Lizentzia  Copyright

ISBN  978-84-1360-040-6

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude