Zer berri? :: “Ilun eta abar”, Idoiaren diskoa

Idoia Asurmendi Garciak (Aramaio, 2000ko azaroak 21) duela bi urte hasi zituen Musika-pedagogia ikasketak Musikenen, Euskal Herriko Goi-mailako Musika Ikastegian. Egun Donostian bizi da. Idoia betidanik bizi izan da abestiz inguratuta, eta txikitatik hasi zen etxeko instrumentuekin jolasean. Institutuan ezagutu zuen Maria Oses poeta, eta halaxe jaio ziren Idoiaren lehen konposizioak. 2020an, bere lehen diskoa, Ilun eta abar hau, jantziko zuen taldea sortu zuen.

Aurreko udan ikusi ahal izan genuen Idoiaren kasua euskal eszenako berezienetakoa dela. Abestirik argitaratu gabe, ahoz aho zabaldu zen bere izena, eta sarrera guztiak agortzea lortu zuen kontzertu nabarmenetan, Jazzaldian, Chillida Leku Museoan edo Donostia Festibalean kasu.

“Aulki jokoa” abestiak iragarri zuen lehen diskoa. Abesti hunkigarria da, artistaren alderik sentiberena erakusten duena. Pop britainiarraren intentsitatea biltzen du pianoaren melodiak, eta Euskal Herriko udazkeneko folk giroa gehitzen zaio ondoren; hutsuneei eta familiarteko maitasunari buruzko testua inguratzen du musikak, eta bihotza ukabil batean biltzen dizun abestia da azken emaitza.

“Munstroa” kantak beldurra eta ausardia uztartzen ditu; gaurik luzeena zurekin pasatuko duela agintzen dizu, berehala buruan geratuko zaizkizun koruen laguntzaz. “Viejo refranero”-k bizitzari abesten dio, argi baikorrez margotzen du pop onena. “Hitzetan” folk amerikarraren erritmora doa, eta ezinezkoa da dantza egiteko gogoari eustea, Idoiaren herrikide Xabi Igoa bertsolariaren hitzek gidatuta.

“25. artikulua” kanta borobila da, aspaldi sortu zirela diruditen klasiko horietakoa; Eñaut Elorrietaren ahotsarekin egiten du bat Idoiarenak. “Mundo al revés” Bea eta Nerea ahizpekin abesten du, eta bossa nova erritmoak darabiltza. “Lo kanta”-k mundua geldiarazten du; artistaren erregistrorik onenak kulunkatzen du entzulearen sehaska.

“Viejo refranero” abestiaren bertsio batek ixten du diskoa. Fernando Velázquezen zuzendaritzapean, Euskadiko Orkestrarekin sortzen duen munduak argi uzten du abestiak ezin direla adreiluzko estruktura zurrunetan sartu, ezinbestekoa inoiz ez baita aldatzen: kalitatea, sentsibilitatea eta istorioak kontatzeko gogoa. Idoiaren eta Maria Osesen iruditeriak sortzen ditu istorio horiek, eta irrikaz mantentzen gaituzte etengabe. Egiten ari garena alde batera utzi eta bere itsasoan murgiltzera garamatza artistak, bere istorioen artean igeri egitera.

Idoiaren kontzertu baten irudia I Argazkia: Idoia Asurmendi

Laburrean

Izenburua  Ilun eta abar

Egilea  Idoia

Zenbatekoa  12,00 € (CD)

Formatua  CD / MP3

Hizkuntza  Euskaraz/Gaztelaniaz

Argitalpen-urtea  2021

Lizentzia  Copyright

Abestiak

1. Munstroa (4:09)
2. Viejo refranero (4:19)
3. Hitzetan (3:25)
4. 25. artikulua (4:52)
5. Aulki jokoa (4:29)
6. Mundo al revés (3:56)
7. Lo kanta (3:10)
8. Viejo refranero (Euskadiko Orkestra)

Diskoaren Aulki jokoa kantaren bideoklipa

Diskoaren Lo kanta-ren bideoklipa

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude