Zer berri? :: Keia taldearen “Erregaia” diskoa

Erregaia da Zarautz eta Oñatiko musikariak bildu dituen Keia proiektuaren lehenengo lan luzearen titulua. Ibilbide zabaleko laukoteak hamar kantuko diskoa ondu du bere estreinako lanean. Ane Arruti zarauztarrak gidatuta eta bere kantuak oinarri hartuta, hirukote oñatiar sendoaren babesarekin sortu da Keia: Egoitz Olalde baterian, Iñigo Ibarrondo baxuan eta Iker Martinez de Zuazo gitarran. Besteak beste, Latzen, Potemkin, Sharon Stoner, Sorkun, Zingira, Lenao edo Amonal taldeetan aritutakoak.

«Keia edo kea bada nonbaiten sua dagoenaren seinale. Askotan gure barruan ditugun su edo suteak identifikatzea edo izendatzea kosta egiten zaigu baina kea beti azaleratzen da. Gure barruko su ezberdinen keia dira kantuak eta, Erregaiarekin, su txiki horiei egur gehiago botatzera gatoz», azaldu dute.

Oinarri erritmiko indartsua duten kantuak dira, gitarren presentzia handiarekin batera. Rocka lantzen dute zentzu zabalean; kantuetan nabarmenak dira 90eko hamarkadako rock alternatiboaren ukituak eta baita pop, stoner, garage edo sikodelia zantzu batzuk ere.

Diskoaren grabaketa Iñigo Irazokiren Atala Estudioan (Bera) egin da 2021eko azaroa eta abendua bitartean. Grabaketa modu analogikoan egin da, 24 kanaleko zintazko grabagailu batekin. Lehenengo bi egunetan abesti guztien oinarriak grabatu ziren, lau taldekideak areto berean batera jotzen. Ondorengo egunetan, ahotsak, perkusioak eta gitarra-soloak gehitu ziren. Nahasketak ere Iñigo Irazokik egin ditu eta 2022ko urtarrilean Jonan Ordorikak masterizatu du diskoa Azkarateko Mamia estudioan.

Hitzei dagokienez, hamarretik zortzi Anek idatzitakoak dira eta gainerako biak Jon Garmendia ‘Txuriya’-k: “(H) ura gara” idazle hernaniarraren txio bat izan zen, eta “Lehengo udak hobeak ziren”, berriz, 2013ko udan Gara egunkarian argitaratutako iritzi-zutabe bat. «Lehengo udak hobeak zirela dio, gehiago gozatzen genuela. Baina bere buruari galdetzen dio ea une horretan horretaz konturatzen ote ginen edo orain konturatzen garen. Bitxia bada ere, beste zentzu bat hartu du. Orain pandemiaren erdian idatzitako hitzak dirudite», dio Anek. Gainera, “(H)ura gara” kantuan, Aneren lehengusina Andrea Lopetegik (Ginger, Managaitz, Mor More) abestu du.

Taldearen argazkia Ibai Arrietarena da, diskoaren diseinua, berriz, Iñaki Landa Portugaleteko ilustratzailearena da. Bull Biain oñatiarraren argazkietatik abiatuta egin du diskoaren diseinua.


Laburrean

Egilea  Keia

Diskoetxea  Autoekoizpena

Zenbatekoa  10,00 € (CD) / 8,00 € (digitala)

Formatua  CD / MP3

Hizkuntza  Euskara

Argitalpen-urtea  2022

Lizentzia  Copyright

Abestiak

1. Badu (03:28)
2. Ez zara zu (04:22)
3. (H)ura gara (04:10)
4. Handitzen naizenean (03:39)
5. Berandu (04:04)
6. Damua (03:27)
7. Oskolaren atzean (06:06)
8. Arrainak (03:00)
9. Ta berriz lo (03:26)
10. Lehengo udak hobeak ziren (08:32)

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude