Zer berri? :: Ray Bradburyren “Fahrenheit 451” eleberria

Fahrenheit 451 liburuaren protagonista, Guy Montag, suhiltzailea da. 451 zenbakidun kaskoa buruan, letoizko mangera-muturra ukabiletan, liburuak erretzea da bere lana, bere behar kuttuna. Izan ere, Montag bizi den herrialdean debekatuta dago irakurtzea. Irakurtzeak pentsatzea dakarrelako eta pentsatzeak zoriontasun eza. Eta zoriontsua izatea derrigorrezkoa da.
Dena aldatuko da, ostera, familia antisozial bateko kide den Clarisse gaztea ezagutzen duenean. Harreman berriak inarrosirik, erreketa batean liburu bat ezkutatu eta irakurtzeari ekingo dio suhiltzaileak, bera ere antisozial bihurtuz. Macartismo garaian idatzia eta orduan sortu berria zen Playboy aldizkarian atalka argitaratua, XX. mendeko distopiarik ezagunetako bat da Fahrenheit 451, alienatzen doan gizartea esnatzeko aldarri sutsua.

«Estatu Batuetan gertatzen ari zenaz kezkatuta idatzi nuen liburu hau. Bere itzalari ere beldur zion jende askok orduan; liburuak erretzen hasiko zirenaren mehatxua zegoen. Liburu asko apaletatik erretiratzen hasiak ziren», adierazi zuen liburuaren egile Ray Bradbury behin elkarrizketa batetan.

Ray Bradbury  1920an Waukegan (Illinois, USA) jaio zen eta 2012an Los Ángelesen (California, USA) hil zen. Gaztetan Kaliforniara bizitzera joan zen bere familiarekin. Unibertsitatera joateko dirurik ez zuenez, liburuak irakurriz bere kasa eskolatu zen. Berrogeiko hamarkadan ipuinak idazteari ekin zion eta apurka-apurka aldizkarietan argitaratzen hasi zen. Literatura fantastikoa, terrorezkoa eta zientzia fikziozkoa landu ditu, genero horien maisu bihurtuz. Martian Chronicles (1950) eta Fahrenheit 451 (1953) dira bere lanik ezagunenak. Sari eta ohore ugari jaso ditu, banakako lanei zein bere ibilbide osoari esker.


Laburrean

Izenburua  Fahrenheit 451

Egilea  Ray Bradbury

Itzultzailea  Nagore Tolosa

Argitaletxea  Txalaparta

Zenbatekoa  17,70 €

Hizkuntza  Euskara

Orri-kopurua  218

Argitalpen-urtea  2021

Lizentzia  Copyright

ISBN  978-84-18252-60-0

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude