Sonakay taldearen (Yoni Camacho, David Escudero, David Bernárdez eta José Luis Jiménez) hirugarren diskoa da Suerte, eta jada eskuragarri dago plataforma digitaletan eta dendetan.
Yoni Camachoren hitzetan, disko hau egin ahal izatea “zorte handia” izan da, eta, horrez gain, lanaren sormen prozesu guztia “izugarrizko ikaskuntza” izan da taldearentzat: “Diskoan parte hartu duten musikariekin eta Jaime Stinusekin bizitako uneak izan dira prozesu guzti honen altxorrik nagusiena. Egia esan, zalantza momentuak ere izan ditugu, flamenkoak garenoi gure konfort-zonatik ateratzea zaila baita, baina une horietako bakoitzean erabaki zuzen bat egon da”. Hala, Camachoren arabera, pauso garrantzitsu bat eman du taldeak bere ibilbidean, “soinu berri eta fresko batekin itzuliz, gogoz eta ilusioz beterik”.
Jaime Stinus ekoizlea ere bat dator abeslariaren hitzekin; izan ere, konfort-zona horretatik ateratzea izan zen musikari, konposatzaile eta ekoizlearen helburua: “Konfort- zonatik ateratzea beti da erronka artista batentzat, eta askotan puntu horretan sortzen da inspirazioa. Kasu honetan, diskoaren izenak dioen bezala, uste dut zortea izan dela”. Zentzu horretan, Stinusek taldeari proposatutako gauzetako bat izan zen beraien linea musikala birbideratzea orain arte egindako moldaketa latinoak saihestuz, “soul, groove, pop eta rock doinuak zituzten base erritmikoak probatuz”. Ekoizlearen beste proposamena nazioarteko eta belaunaldiarteko kanta baten bertsio bat egitea izan zen, eta hortik jaio zen “Heroiak” singlea. David Bowieren “Heroes” abesti ezagunaren euskarazko bertsioa egiten ausartu da taldea; euskarazko hitzak Harkaitz Canoren idazlearenak dira.
“Heroiak” singleaz gain, 8 abesti gehiago daude disko berrian, eta horien artean aurki dezakegu Luis Eduardo Auteren “Al alba” kantaren bertsioa ere. Kasu honetan ere euskarazko bertsioa egin du taldeak, eta Jon Martin izan da euskarazko hitzak osatu dituena. Abesti originalen artean, Iker Laurobaren “Larumbata” izeneko abestia dago; beste guztiak Yoni Camachorenak dira.
Lan berria Oiartzungo Mecca Reccording Studios-en grabatu zen joan den martxoan, eta Jaime Stinus ekoizleaz gain, goi mailako musikarien parte hartzea izan du taldeak album honetan; hala nola, Iñaki Salvador (pianoa), Karlos Aranzegi (batería), Lutxo Neira (baxua), Luis Moreno ‘Pirata’ (haizeak), Bixente Martinez, Jaime Stinus (gitarrak), Ruben Perez (kongak) eta Lara Mitxelena eta Gema Ines (txalaparta). Diskoaren artea Lierni Aldabek egina da, eta bideoa, bere aldetik, Lara Iturainek egin du.
Taldeak euskaraz eta gaztelaniaz abesten jarraitzen du lan honetan, baina disko hau nolabait inflexio puntua izango da taldearen ibilbidean jauzi kualitatibo handia emanez.
Laburrean
Izenburua Suerte
Egilea Sonakay
Formatua CD / MP3
Hizkuntza Elebiduna
Argitalpen-urtea 2022
Lizentzia Copyright